10:20

Mundua

Floyden heriotza

Arrazismoarekin lotzen dituzten pertsonaien estatuen aurkako erasoak zabaldu dira

agentziak

AEBn Cristobal Colonen eta buruzagi konfederatuen estatuak behera bota dituzte, eta Zeelanda Berrian kapitain britainiar baten monumentuak ere protestarien erasoa jaso du.

1:12
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

AEBko Poliziak George Floyd afroamerikarra hil izanak arrazakeriaren aurkako protestak eragin ditu mundu osoan, eta esklabismoa sustatu zuten eta kutsu arrazista duten pertsonaien omenezko monumentuak eta estatuak daude orain jomugan.

Hala, arrazakeriaren aurkako protestariek Cristobal Colonen eta buruzagi konfederatuen estatuak behera bota dituzte edo eraso egin diete AEBko hainbat hiritan.

Richmonden, Virginian, manifestariek Jefferson Davis presidente konfederatuaren estatua behera bota dute Cristobal Colonena eraitsi, erre eta laku batera bota eta biharamunean.

Azken orduetan konkistatzailearen hainbat estatuari egin diete eraso edo txikitu dituzte, Bostonen eta Miamin, besteak beste.

Bostonen, Colonen estatua bururik gabe agertu da; izan ere, natibo amerikarrek gehiegi maite ez duten pertsonaia da.

Esklabotzaren alde borrokatu ziren militar konfederatuak dira protestarien jomugan dauden beste batzuk. Izan ere, azken urteetan eztabaida iturri izan dira, batzuek uste baitute esklabotzaren aldekoak omentzeko modu bat dela, baina beste batzuek, tartean historialari ugarik, diote ez liratekeela kendu beharko, "iraganetik ikastea" ahalbidetzen dutelako.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea komandante konfederatuen izena daramaten base militarrak berrizendatzearen aurka agertu da asteazken honetan.

Trumpek adierazi zuen komandante konfederatuen izenak dituzten base militarrak AEBko herentzia handi baten parte bihurtu direla, eta "garaipen eta askatasun historia" ordezkatzen dutela.

Indigenen protestak Ozeanian

Ozeanian, John Hamilton kapitain britainiarraren estatua, XIX. mendean lurren jabetzagatik izandako gatazka batean maoriak hil zituena, Zeelanda Berriko plaza batetik kendu zuten ostiralean, Zeelanda Berrian eta Australian indigenak egiten ari diren protesten erdian.

2013an jarri zuten monumentu hori, Hamilton hirian (Ipar Uhartea), eta atzo kendu zuten, maori batek asteburuan hiri horretan arrazakeriaren aurka egingo dituzten protestetan eraisteko asmoa zuela publikoki adierazi ostean.

Edward Colston esklabo-trafikatzailearen eta Cristobal Colonen estatuak kentzeak ere oihartzuna izan zuen Australian, aborigenak eta uhartetarrak abusu eta tratu txarren biktima izan baitziren XIX. mendean britainiarren kolonizazio-garaian.

Herrialde horretan, James Cook kapitainaren estatua kentzearen inguruan izan da eztabaida biziena. 1770ean iritsi zen Australiara, eta "Terra Nullius" (jenderik gabeko lurra) izendatu zuen, aborigenak bertan 50.000 urte baino gehiago zeramaten arren.

Scott Morrison Australiako lehen ministroak ostegunean 2GB irratiari adierazi zionez, Cook "bere garaiko pertsonarik argienetako bat" izan zen, eta "Australian ez zen esklabotzarik izan", gaineratu zuen indigenen eta historialarien haserrerako.

Prebentzio-neurriak

Robert Baden-Powell militar britainiar ohiaren estatua (1908an Boy Scouts gazte mugimenduaren sortzailearena) kendu egin dute aldi baterako Ingalaterrako Poole Quay herrian, erasoei aurrea hartzeko, faxismoa eta nazismoa gustuko izatea leporatzen baitiote pertsonaia horri.

Londresen Robert Milligan esklabo-trafikatzaile eskoziarraren estatua ere kendu dute, eta igandean manifestari talde batek Edward Colston beltzak esklabotzara eraman zituen gizonaren estatua behera bota zuten Bristolen (Ingalaterra).

Netflix

Bestalde, Netflixek Chris Lilley umoregilearen lau telesail kendu zituen Australiako eskaintzatik, aurpegia beltzez edo marroiz margotzen baitzuen, arrazakeriaren aurkako protestei buruz hitz egiterakoan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena