Mundua
Europar Batasuna
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunaren asmoa da kanpoko mugak uztailaren 1ean berriz irekitzea.
Ylva Johansson Barne komisarioa. Argazkia: EFE.
Barne-mugak ekainaren 15a baino lehen irekitzeko eskatu die ostegun honetan Europako Batzordeak kide diren Estatuei, hau da, astelehenean beranduen jota; Espainiaren aurreikuspena da bi aste geroago egitea. Horrela, Europar Batasunaren asmoa da kanpoko mugak uztailaren 1ean berriz irekitzea, pandemiaren egoera kontrolpean duten EBtik kanpoko herrialdeetako turistak jasotzen hasteko.
Europar Batasuneko kideen arteko akordioa zen Schengen eremuko muga-itxieraren deseskalatzeari modu progresiboan ekitea; asmoa zen EBko herrialdeen arteko zirkulazioa irekitzea blokea gainerako herrialdeei zabaldu aurretik.
Bruselaren iritziz, neurri-arintzearen lehen zatia betetzen ari dira, kide diren Estatu gehienetan; hortaz, "irmoki" eskatu die hori oraindik egin ez duten herrialdeei "zirkulazio askeko murriztapenak bertan behera uzteko prozesuari amaiera emateko, eta Europar Batasunean barne-kontrolak ekainaren 15a baino lehen kentzeko".
Pedro Sanchezen Gobernuak, baina, beste aurreikuspen batzuk ditu. Bruselari emandako azken jakinarazpen ofizialaren arabera, baliteke Espainiako Estatuko mugak ekainaren 21ean irekitzea, baina epe hori luzatzeko aukera du Espainiako Gobernuak. Berez, Espainiaren asmoa da mugak uztailaren 1ean irekitzea berriro.
Ylva Johansson Barne komisarioak argudiatu du pandemiaren kontrol-egoera "gero eta hobea" dela EBko herrialdetan, "bat egiten duten datuekin, eta kutsadura-arriskua murrizteko neurri baliokideekin"; halaber, azpimarratu duenez, Gaitzak Prebenitu eta Kontrolatzeko Europako Zentroak adierazi du Schengen eremuaren barruan mugak ixtea "ez dela orain neurri eraginkorra, pandemiari aurre egiteko".
Johanssonek onartu du "denbora laburra" ematen dietela Espainiari eta beste hainbat herrialderi, baina nabarmendu du egoerak ahalbidetzen duela itxiera amaitzea, eta eskatu die "ahalik eta lasterren" egin dezatela.
Nolanahi ere, Europar Batasunak uztailaren 1a du jomugan. Kide diren herrialdeei eskatu die komuneko irizpideak finka ditzatela, ziurtatzeko EBn sartuko diren bidaiarien jatorrizko Estatuetan egoera epidemiologikoa blokekoa bezain ona edo hobea dela.
Hortaz, Bruselak espero du kideek zerrenda itxia baina berrikusteko modukoa adostea, zehazteko EBtik kanpoko zein herrialde ez diren arriskutsuak, eta, beraz, nongo herritarrek ahal izango duten bidaiatu udaran Europar Batasunera, kontuan izanik, blokean sartuta, turistek mugimendu-askatasuna izango dutela kide diren Estatu guztietan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa