Mundua
Iskanbila
Txinak Hong Kongeko segurtasun nazionaleko lege-proposamena onartu du
Agentziak | Erredakzioa
Pekingo agintariek bultzatutako legeak sedizioarekin, sezesioarekin edo terrorismoarekin lotutako ekintzak zigortzen ditu.
-
Polizia legearen kontrako manifestariei dokumentazioa eskatzen. Argazkia: Efe.
Txinako Herri Asanblea Popularrak gehiengo zabalerekin onartu du Hong Kongeko segurtasun nazionalerako legearen proposamena. Proposamenak protesta ugari eragin ditu azken egunetan hiri erdiautonomoan.
Zirriborroa Herri Asanblea Popularraren urteko bileraren azken saioan onartu dute, eta testua Txinako botere legegilearen batzorde juridikoaren esku geratuko da orain, behin betiko bertsioa idatzi eta Herri Asanblea Popularreko Batzorde Iraunkorraren oniritzia jazotzeko.
Sedizioarekin, sezesioarekin edo terrorismoarekin lotutako ekintzak zigortzen ditu Pekingo agintariek aurkeztutako araudi berriak, eta "atzerriko edozein esku-hartze" saiakerari betoa jartzea ere du helburu, legearen hasierako testuaren arabera.
Proposamenak 2.878 aldeko boto jaso ditu, bat kontra eta sei abstentzio izan dira.
Legearen helburua, agintarien esanetan, "subiranotasun nazionala, segurtasuna eta garapenerako interesak babestea, ‘Herri bat, bi sistema’ izeneko sistema mantentzea eta hobetzea, Hong Kongeko egonkortasuna eta oparotasuna epe luzean gordetzea eta Hong Kongeko herritarren eskubideak eta bidezko interesak babestea" da.
"Estatuko boterearen aurkako subertsioa" zigortzeko
Txinak proposatutako zazpi artikuluen artean, Txinako Herri Asanblea Popularreko Batzorde Iraunkorrak erabili ahalko dituen lege-mekanismoak daude ustezko egoera jakin batzuk zigortzeko, horien artean "Estatuko boterearen aurkako subertsioa", sarritan Txinan giza eskubideen alde borrokan ari diren ekintzaileen kontra erabiltzen dena.
Lege-proposamena azken urtean demokraziaren alde izandako protesta jendetsuen ostean onartu dute. Protestek aurrera jarraituko dute, abokatuen eta gizarte zibilaren erakundeen ustez, legeak Hong Kongeko Oinarrizko Legearen araudia aldatzeko bide juridikoak urratzen dituelako.