Itxi

Mundua

Hauteskundeak AEB-n

Twitterrek egiaztapen bat sartu du lehen aldiz Trumpen mezu batzuetan

agentziak | erredakzioa

Sare sozialak ukatu egin du posta bidezko botoak hauteskunde iruzurra sustatzen duela, AEBko presidenteak kontrakoa esan arren.

  • Donald Trump AEBetako presidentea. Argazkia: Efe

    Donald Trump AEBetako presidentea. Argazkia: Efe

Twitterrek egiaztapen bat sartu du lehenengo aldiz, eta Donald Trump AEBko presidentearen bi mezutan egin du. Izan ere, Trumpek adierazi du posta bidez bozkatzeko boto-paperek iruzurra eragiten dutela, eta Twitterrek gezurtatu egin du.

Trumpek sare sozialean adierazi duenez, "ez dago modurik (zero!) posta bidezko boto-paperen bidez iruzurra ez egitea bermatzeko".

"Postontzietan lapurtuko dituzte, boto-paperak faltsutuko dituzte eta legez kanpo inprimatu eta gezurrezko sinadurak egingo dituzte", esan du, Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea kritikatuz "milioika pertsonari" bidaltzeagatik. "Manipulatutako hauteskundeak izango dira. Inola ere ez!", gaineratu du.

Horren aurrean, Twitterrek bi mezuetan esteka bat jarri du "Posta bidezko botoari buruzko informazioa" testuarekin. Lotura horrek titulu hau duen informazio batera darama: "Trumpek oinarririk gabe esan du posta bidezko botoak hauteskunde iruzurra eragingo duela". Horren azpian, "Jakin beharrekoa" tituluaren azpian, AEBko presidentearen adierazpenak gezurtatzen ditu Twitterrek.

Horren harira argitu duenez, "egiaztatzaileen arabera ez dago frogarik posta bidezko botoa hauteskunde iruzurrarekin lotuta dagoela pentsatzeko", "erregistratutako boto-emaileek soilik jasoko dituzte boto-paperak", eta "Trumpek Kaliforniari begiratu bazion ere, posta bidezko botoa estatu batzuetan erabiltzen da, Oregon, Utah eta Nebraska barne".

Bestalde, Katie Rosborough Twitterren bozeramaileak CNNri bidalitako ohar batean azaldu du Trumpen mezuetan "informazio iruzurtia" dagoela "hauteskunde prozesuaren inguruan", eta "posta bidezko botoaren inguruko testuinguru gehigarria emateko etiketatu" dituztela.