Mundua
KORONABIRUSA
COVID-19aren kontrako txertoa 2021 hasierarako izatea aurreikusten du Txinak
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
"Emergentziazko kasuetarako irailean erabiltzeko moduan izan gaitezke, agian, eta erabilera orokorrerako 2021 hasierarako prest egon daiteke" adierazi du, lehen aldiz, Txinako goi kargu batek.
-
Zientzialariak laborategi batean lanean. Argazkia: EFE
Txinako Osasun Ministerioko goi kargu batek iragarri duenez, koronabirusak eragiten duen COVID-19 gaitzaren kontrako txertoa jende guztiarentzako prest izatea aurreikusten dute, 2021 hasierarako.
Gao Fu Txinako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako arduradunak CGTN telebistari eman dion elkarrizketan adierazi du txertoak entsegu klinikoen bigarren eta hirugarren faseetan direla, eta hori dela eta, agian prest izango dituztela bigarren kutsatze olde baterako. Zehaztu duenez, hiru txertok gainditu dute jada entseguen lehen fasea.
"Txerto bat garatzeko bidean oso sendo goaz eta baliteke emergentziazko erabilera emateko prest izatea irailerako" adierazi du, "herritar guztiengan erabiltzeko, baina, 2021 hasierara arte itxaron beharko da". Oraindik ere entsegu fasean diren txerto hauek "talde espezifikoetan erabili ahal izango lirateke, osasun langileekin, adibidez" gehitu du.
Gaok esan duenez, "euren eraginkortasuna prozesuaren eta garapenaren araberakoa" izango da, eta birusaren balizko mutazio bategatik galdetuta, esan du gripea eragiten duen influenza birusak ez bezala, koronabirusa askoz ere gutxiago mutatuko dela aurreikusten dutela.
Fernando Simonek zail ikusten du txertorik izatea aurten
Epe motz edo ertainera ez du txerto seguru eta eraginkorrik aurreikusten Fernando Simon Espainiako Alerta eta Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak.
Larunbat honetan eman duen prentsaurrekoan, Simonek gogorarazi du koronabirusaren inguruko guztia berria dela, "oraindik ez dago gaixoentzat eraginkorra izango den tratamendu jakinik", "ezta egiten ditugunean erabateko lasaitasuna ematen diguten proba azkarrik ere" ohartarazi du.
Horregatik, txertoaren ikerketan "esfortzu handiak" egiten ari direla jakin arren, ikerketa horrek eta ondorengo entseguek denbora beharko dutela nabarmendu du.
Ildo horretan, "nekez" egon daitekeela txertorik aurtengo urtea amaitu aurretik edo datorren urteko lehen hiruhilekoa baino lehen adierazi du.