Itxi

Mundua

Migrazioa

Sizilia mendebaldera joateko eskatu dio Italiak Aita Mari ontziari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Europako hainbat herrialdek portuak itxita dituztela eta, ondorioz, migratzaile asko itsasoan hiltzen ari direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek.

  • Aita Mari ontzia.

    Aita Mari ontzia. Argazkia: Itsas Salbamendu Humanitarioa

Aste honetan itsasoan erreskatatu dituzten 36 migratzaileak Sizilia mendebaldera eramateko eskatu diote Italiako agintariek Aita Mari ontziari.

Gobernuz kanpoko itsas salbamendurako taldeak hamarnaka pertsona erreskatatu ditu egunotan. Horietako batzuk Lampedusan porturatu ziren, baina, antza, ez dute migratzaile gehiago hartzeko tokirik. Horrela, bada, Sizilia mendebaldera abiatzeko eskatu diote Euskal Herriko salbamendu ontziari.

Horrez gain, Alemaniako Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen Alan Kurdi ontziak 147 pertsona erreskatatu zituen duela hamabi egun. Datozen orduetan Palermoko portuan dagoen ferry batera eramango dituzte, koronabirusaren pandemiagatik ezarritako koarentena han igaro dezaten.

Ondoren Europar Batasuneko herrialde ezberdinetara eramango dituzte. Aita Mari ontziko migratzaileekin ere gauza bera egingo dutela espero da, baina oraindik ez dago baieztapen ofizialik.

Bestalde, Mediterraneoan erreskate lanetan ari diren gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dituzte Europako herrialdeak eta, batez ere, Italia eta Malta izaten ari diren jarrera. Koronabirusa dela eta, portuak ixteko erabakiaren ondorioz migratzaile asko itsasoan hiltzen ari direla salatu dute.

"Hamabi pertsona hil diren Europak Mediterraneoan ezer egiten ez duelako", ohartarazi du Sea Watch erakundeak.

Malta, Italia, Libia, Portugal eta Alemaniako agintariak eta Frontex abisatu zituztela, baina inork ez zuela ezer egin salatu dute. "Hamabi pertsona hiltzen utzi zituzten, eta bizirik atera zirenak Libiara bueltatzea erabaki zuten, gerra, tortura eta bortxaketaren lurraldera", kritikatu dute.