Mundua
Koronabirusa
Koronabirusaren datuak berrikusi ostean 1.290 hildako gehiago zenbatu dituzte Wuhanen
Agentziak | Erredakzioa
Gorakada hori hainbat arrazoirengatik jazo da, besteak beste, ospitale eta osasun zentroetatik kanpo gertatu diren heriotzengatik, Wuhango osasun agintariek azaldu dutenez.
Wuhango osasun agintariek 1.290 hildako gehiago eta beste 325 kasu zenbatu dituzte ostiral honetan, koronabirusaren inguruko datuak berrikusi ondoren. Hala, datu berriak kontuan izanda, Hubei probintziako hiriburuan guztira 50.333 kasu positibo eta 3.869 hildako eragin ditu COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren agerraldiak.
Gorakada nabarmen hori hainbat arrazoirengatik jazo da, besteak beste, ospitale eta osasun zentroetatik kanpo gertatu diren heriotzengatik, Wuhango osasun agintariek azaldu dutenez. Ildo horretatik, orain arte ez dutela hildako horien berri izan nabarmendu dute.
Horrez gain, hirian izandako kasu kopuru handiaren ondorioz, heriotzak erregistratzen zituzten txosten eta gainerako dokumentu asko ez zirela garaiz tramitatzen aitortu dute. Gainera, Wuhango ospitale eta osasun arloko zentro asko ez zeudela herrialdeko informazio epidemikoaren sareari lotuta azaldu dute, eta, hain zuzen ere, horregatik ezin izan zituzten datuak garaiz eman.
Gainerako herrialdeei dagokienez, eta Wuhanen ostiral honetan egindako datuen berrikuspena kontuan hartu gabe, koronabirusarekin kanpotik iritsitako 15 kasu eta bertan kutsatutako 11 kasu baieztatu dituzte azken orduotan Kanton, Heilongjiang, Shandong eta Liaoning probintzietan, Txinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Ondorioz, azken egunotan emandako datuekin alderatuta, Txinan izandako kasuen kopuruak zertxobait egin du gora.
Osasun agintariek emandako azken datuen arabera, orain arte 82.367 kasu positibo zenbatu dituzte herrialdean, eta 77.944 herritarri eman diete sendagiria. Ostegunean, gainera, 52 gaixo sendatu dira, eta kasu larrien kopurua 89ra jaitsi da.
Horrela, Txinan, 3.342 pertsona hil dira orain arte koronabirusaren eraginez (ostegun honetan COVID-19ak ez du inor hil). Txinako Osasun Ministerioak emandako datuetan, baina, ez dituzte Wuhango datu berriak kontuan izan.
Bestalde, Txinako Barne Produktu Gordina (BPG) % 6,8 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan, 1976tik Asiako herrialde horretako ekonomian izan den lehen atzeraldia.