Itxi

Mundua

Koronabirusa

Gaixoen eta hildakoen kopuruak goraka segitzen du munduan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Herrialderik kaltetuenak Ameriketako Estatu Batuak, Espainia, Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira.

  • Erroma.

    Erroma. Argazkia: EFE

Koronabirusarekin gaixotutako eta hildako lagunen kopuruak goraka jarraitzen du munduan. Ia bi milioi kutsatu eta 131.000 hildako inguru izan dira pandemia hasi zenetik.

Osasunaren Mundu Erakundeak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera, gaur  80.000 kasu berri baieztatu dituzte eta, guztira, 1,99 milioi pertsona daude gaixorik. Halaber, 7.800 heriotza izan dira azken 24 orduotan eta, ondorioz, 130.885 lagun hil dira jada munduan.

Europa da kontinenterik kaltetuena: 1,01 milioi kasu daude. Amerikan 707.000 pertsona daude gaixorik; eta Asia ekialdean eta Pazifikoan, 125.000.

Europan, Italian bizi dute egoerarik larriena. Azken 24 orduotan 525 heriotza izan dira eta, guztira, 22.170 lagun hil dira. Gainera, egun bakarrean beste 3.800 kutsatze zenbatu dituzte eta, ondorioz, 169.000 lagun pertsona gaixotu dira pandemia hasi zenetik.

Frantzian 17.920 lagun zendu dira orotara, baina ospitalean eta zaintza intentsiboko unitateen dauden pazienteen kopuruak beherako joerari eusten dio.

Erresuma Batuko ospitaleetan 13.729 pertsona hil dira koronabirusarekin eta 103.000 lagun gaixorik daude.

Testuinguru horretan Erresuma Batuak beste hiru astez luzatu du konfinamendua.

Espainian kutsatuen kopuruak gora egin du: azken 24 orduotan 5.183 kasu berri zenbatu dituzte eta guztira 182.816 pertsona daude gaixorik. Guztira, 19.130 heriotza izan dira; 551 azken 24 orduotan.

Espainia, Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira koronabirus kasu gehien pilatu dituzten Europako herrialdeak. Ameriketako Estatu Batuak daude horien guztien aurretik 100.000 gaixorekin.

Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du "datozen astean kritikoak" izango direla Europan eta ardura jokatzeko deia egin du.