23:31

Mundua

Koronabirusa

Munduan bi milioi pertsona baino gehiago daude gaixorik eta 128.000 hil dira

agentziak | erredakzioa

Pandemiaren foku nagusia New Yorken dago: 200.000 kasutik gora baieztatu dituzte eta 10.000 lagun baino gehiago zendu dira koronabirusarekin. Espainia da bigarren herrialderik kaltetuena.

  • New Yorkeko kaleak hutsik.

    New Yorkeko kaleak hutsik. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, munduan bi milioi pertsona baino gehiago daude gaixorik eta 128.000 hil dira, Johns Hopkins Unibertsitateak asteazkenen honetan zabaldutako informazioaren arabera.

Munduko Osasun Erakundeak eta hainbat herrialdetako gobernuek emandako datuen arabera, 2.000.984 pertsona daude COVID-19 gaitzak jota eta 128.071 hil dira.

Ameriketako Estatu Batuetan dute orain egoerarik larriena; izan ere, guztira 609.696 kasu baieztatu dituzte eta 26.000 lagun baino gehiago hil dira jada. Asteazken honetan, 25.000 positibo gehiago zenbatu dituzte.

Pandemiaren fokua New Yorken dago. Estatu horretan, 203.377 pertsona daude koronabirusarekin gaixorik eta 10.842 hil dira.

Munduko bigarren herrialderik kaltetuena Espainia da: 177.633 pertsona daude kutsatuta eta 18.579 hil dira. Zerrendan, Italia dago ondoren, 162.488 gaixo eta 21.067 hildakorekin.

Alemanian, 132.321 positibo eta 3.502 hildako zenbatu dituzte, eta Frantzian, 131.362 kutsatu eta 15.750 heriotza. Erresuma Batua da hurrengoa, 94.852 kasu eta 12.131 hildakorekin.  

Koronabirusa Txinan sortu zen, eta hainbat hilabetez herrialde hori izan da pandemia gehien sufritu duena. Gaur egun, zazpigarrena da kaltetuenen zerrendan, 83.355 gaixo eta 3.346 hildakorekin.

Iranen, 76.389 kasu positibo eta 4.600 hildako baino gehiago baieztatu dituzte. Turkian, berriz, kutsatutakoak 65.111 dira eta hildakoak 1.403. Belgikan, 33.573 kasu pilatu dituzte eta 4.440 lagun zendu dira.

20.000 positibotik gora dituzten herrialdeak hauek dira: Herbehereak, Kanada, Suitza, Brasil eta Errusia. 10.000 kasutik gora zenbatu dituzte Portugalen, Austrian, Israelen, Suedian, Indian, Irlandan, Hego Korean eta Perun.

Japonian, 8.000 lagun baino gehiago daude gaixorik, eta 7.000tik gora Txilen, Ekuadorren, Polonian eta Errumanian.

Danimarkan, Norvegian, Australian eta Txekiar Errepublikan 6.000 kasu baino gehiago detektatu dituzte, eta 5.000tik gora Pakistanen, Saudi Arabian, Filipinetan, Mexikon, Indonesian eta Malaysian.

4.000 pertsona baino gehiago daude gaixorik Arabiar Emirerri Batuetan eta Serbian, eta 3.000tik gora Ukrainan, Bielorrusian, Qatarren, Panaman, Luxenburgon, Dominikar Errepublikan, Singapurren eta Finlandian.

2.000 kasutik gora baieztatu dituzte Kolonbian, Thailandian, Argentinan, Hegoafrikan, Egipton, Grezian eta Aljerian, eta mila baino gehiago Marokon, Moldavian, Islandian, Kroazian, Hungarian, Bahrainen, Kuwaiten, Estonian, Iraken, Zeelanda Berrian, Kazakhstanen, Uzbekistanen, Azerbaijanen, Eslovenian, Bangladeshen, Armenian, Bosnia-Herzegovinan eta Lituanian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena