15:24

Mundua

Koronabirusa

Konfinamenduaren "pixkanakako" amaiera koordinatzea eskatu du EBk

Agentziak | Erredakzioa

Dena den, uste du amaiera ezingo dela izan "berdin-berdina" kide diren Estatu guztietan; izan ere, pandemiaren bilakaera ez da berdintsua izan herrialdeetan.

  • Italian hartutako irudi bat, konfinamendua indarrean dagoela

    Italian hartutako irudi bat, konfinamendua indarrean dagoela. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak koronabirusari aurre egiteko ezarritako konfinamenduaren "pixkanakako eta koordinatutako" amaiera baten alde egin dute; nolanahi ere, adierazi dute uste dutela amaiera hori ezingo dela izan "berdin-berdina" kide diren Estatu guztietan; izan ere, pandemiaren bilakaera ez da berdintsua izan herrialdeetan.

"Honek ez du esan nahi konfinamendua dagoeneko bertan behera utz daitekeela, baizik eta marko bat eskaini nahi diegula kide diren Estatuei, beraiek erabaki dezaten", nabarmendu du Von der Leyenek, Bruselan, prentsaurreko batean, argi uzteko proposamena ez doala EBko herrialde gehienetan indarrean dauden murrizketen aurka.

Michelen esanetan, gomendioek "sen ona" eta zientzialarien irizpena izan dituzte abiapuntu; helburua da herrialdeek "krisi honetarako pixkanakako amaiera prestatzea; amaiera ez da berdin-berdina izango Estatu guztietan, baina bai antzekoa".

Horrela babestu dituzte Von der Leyenek eta Michelek kide diren Estatuentzako gomendioak. Estatuek dute eskumena segurtasunean, osasunean eta mugetan, eta eskatu zaie irizpide epidemiologiko argiei jarraitzeko; irizpide horiek adierazi beharko lukete kutsadurek nabarmen egin dutela behera, epe esanguratsuan, konfinamendua arindu aurretik.

Europar Batasuneko Gobernuaren dokumentuan, halaber, ohartarazten diete herrialdeei baieztatu behar dutela, egungo egoera arindu baino lehen, euren osasun-sistemek gaitasuna dutela kasuen balizko igoera; baliteke hori gertatzea, murrizketa-neurriak bertan behera uzten hasita.

Bruselak, halaber, gomendatzen du amaiera mailaka egitea, denboran aldendutako hainbat fasetan; hala, agintariek denbora izango lukete, kutsadurek berriro egingo balute gora. Hori dela eta, eskatu du konfinamenduaren amaiera "eskala lokalean" egitea hasieran, eta gerora zabaltzea.

Mugak berriro irekitzea, "epe luzerako"

Testuinguru horretan, Von der Leyen zorrotza izan da; ohartarazi du Schengen eremua berriro irekitzeak ez lukeela zertan izan lehen neurrietako bat, baizik eta "epe luzerako" urratsa. EBko dozena bat herrialdeak, Espainiak tartean, barneko mugak itxita dituzte.

"Lehenik eta behin, segurtasuna bermatu behar da, osasunari dagokionez, eta, gerora, pixkanaka, motel baina seguru, merkataritza- eta industria-arloetatik haratago joan beharko da, herritarren bizitzako normaltasuna berreskuratzeko", zehaztu du EBko Gobernuko buruak, galdetu diotenean herrialdeen arteko joan-etorrien gainean.

Hain zuzen, dokumentuak dio kide diren Estatuek arintzeko neurrien berri eman beharko dietela, EBko Gobernuari eta EBko gainerako bazkideei, abian jarri aurretik. EBko iritziak "kontuan izan beharko dituzte".

Europan, pandemiak 120.000 bat hildako eragin ditu dagoeneko, eta 800.000 herritar baino gehiago kutsatu dira, Gaitzak Prebenitu eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena