Mundua
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Egoera txarto kudeatzea eta koronabirusaren hedapena ezkutatzea leporatu dio AEBko presidenteak erakundeari, eta funtsik gabe utzi du ikerketa burutu arte.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak Munduko Osasun Erakundeari (MOE) egiten dizkion ekarpenak eteteko agindu du Donald Trump herrialde horretako presidenteak. Zehazki, COVID-19 gaitzari mundu osoan ematen ari zaion erantzuna koordinatzen ari den erakunde nagusia da. Trumpek joan den astean jakinarazi zuen ez zegoela pozik MOErekin, koronabirusaren agerraldiaren aurrean egindako kudeaketagatik, baina pandemia betean organismoari finantzazioa moztea ez zela egokiena aitortu zuen.
Astebete geroago, ordea, Trumpek ez du zalantzarik izan bere gobernuak erakundeari zuzentzen dizkion funtsak eteteko. Polemika handia sortu duen erabaki horrek aurretik hartutako beste batzuk ekarri ditu gogora, AEB UNESCOtik, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseilutik, klima aldaketari buruzko Parisko akordiotik edo Iranekin egindako itun nuklearretik atera zenekoa, esaterako.
"MOEri zuzendutako funtsak eteteko agindua eman diot gaur nire gobernuari, koronabirusaren agerraldiaren aurrean egindako kudeaketa txarra eta horren hedapena ezkutatzeko erakundeak izandako ardura aztertzen dudan bitartean", iragarri du Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldian.
Testuinguru horretan, birusaren hedapenaren aurrean MOEk mugak ez ixteko hartutako erabakia gogora ekarri du Trumpek bere jarrera arrazoitzeko orduan. Horrez gain, aurretik neurriak hartu ez izana leporatu dio erakundeari, eta Txinaz fidatzeagatik ez ezik, Pekingo Gobernua "goraipatzeagatik" erabaki du ekarpenak etetea.
"Koronabirusaren agerraldiarekin zalantza handiak ditugu AEBren eskuzabaltasunari ahalik eta erabilerarik onena eman ote zaion", gaineratu du Trumpek, eta Washingtonek urtean 400 eta 500 milioi dolar artean (aurrekontuaren ia % 15) ematen dizkiola gogora ekarri du. Izan ere, AEB da MOEri diru gehien ematen dion herrialdea.
New Yorken, AEBko koronabirusaren epizentroan, dagoeneko 11.000 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, baina oraindik ez dituzte datuak eguneratu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa