Mundua
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek, halaber, hitzartu dute susperraldi-funtsa abiatuko dutela, epe ertainera, osasun-larrialdia gaindituta.
Italia, pandemian. Argazkia: EFE.
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek, alegia, Eurotaldeak, akordioa erdietsi dute koronabirusaren aurkako neurri-sorta abiatzeko; horren bidez, 540.000 milioi euroko maileguak desblokeatu dituzte, Estatuei, enpresei eta langileei laguntzeko, eta, halaber, susperraldi-funtsa sortuko dute, epe ertainera, koronabirusaren osasun-larrialdia gaindituta. Eurotaldeak, nolanahi ere, aparkatuta utzi du Espainiak, Frantziak edo Italiak eskatzen dituzten eurobonoen gaineko eztabaida.
Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak iragarri du beste inork baino lehenago, Twitter sare sozialean: "Akordio bikaina, Europako Finantza ministroen artean: 500.000 milioi euro segituan izango dira eskuragarri. Susperraldi-funtsa ere izango da. Europak erabaki du, eta krisiaren larritasunaren parean jarri da", idatzi du.
Hala, Europako Egonkortasun Mekanismoak 240.000 milioi ere emango ditu kreditu-lineetan kide diren Estatuei, eta Europako Inbertsio Bankuak 200.000 milioi mobilizatuko ditu enpresetarako maileguetan. Langabeziaren aurka Europako Batzordeak proposatutako Funtsak beste 100.000 milioi utziko ditu Europako Gobernuen esku.
Frantziak, Alemaniak, Espainiak, Italiak eta Herbehereek aldez aurretik adostutako dokumentu bat abiapuntu erdietsi dute akordioa.
Herbehereek, hasiera batean, exijitzen zuen funts horiek defiziteko eta zorreko desorekak zuzentzeko erreforma estrukturalak hartzearekin lotuta egotea, osasun-larrialdia gaindituta. Ministroek hitzartutako testuak, azkenean, ezartzen du baldintza bakarra izango dela mailegu horiek COVID-19 gaitzarekin lotutako osasun-kostuak finantzatzeko erabili behar direla.
Azken akordioak jasota duenez, osasun-gastuak egin ostean, herrialdeak bide fiskal erabilgarrira bueltatuko dira. Mario Centeno Eurotaldeko presidentearen hitzetan, kreditu horiek behar dituzten herrialdeek gaitasuna izango dute identifikatzeko gaitza sendatu eta prebenitzeko gastuak, gehienez euren Barne Produktu Gordinaren % 2an. Hori da, hain zuzen, Europako Egonkortasun Mekanismoak gehienez eman dezakeen finantzazioa. Horrela, Espainiak 25.000 milioi inguru erabil litzake; pandemia amaitu arte izango dute ate hori irekita Gobernuek.
Europako Inbertsio Bankuak bideratuko dituen 200.000 milioiren gainean (enpresek baliatu ahalko dituzte, bereziki enpresa txikiek eta ertainek), 25.000 milioiko berme-funtsa baten bidez egingo du. Eurotaldeak eskatu dio erakunde horri ekimena "ahalik eta lasterren" abiatzeko.
Defentsako hirugarren eta azken linea Europako Batzordeak proposatutako 100.000 milioiko aldi baterako funtsa izango da; horren helburua izango da, adibidez, Espainiako aldi baterako lan-erregulazioak babestea. Finantza ministroek eskatu dute proposamen hori ahalik eta arinen abiatzea.
Baterako zorra jaulkitzeaz, aipamenik ez
Susperraldi-planari dagokionez, dokumentuak ez du aipamenik egiten Baterako zorra jaulkitzearen gainean, Espainiak, Frantziak eta Italiak zehaztu nahi zuten arren. Akordioaren arabera, Estatuburuek eta Gobernuburuek adostu beharko dituzte finantzazio-iturriak bezalako kontuak.
Horri buruz, Nadia Calviño Espainiako presidenteorde eta Ekonomia ministroak adierazi du, Twitterren, Espainiako Gobernuak jarraituko duela lanean "susperraldi ekonomikorako finantzazio-baliabide komunetan". Calviñoren iritziz, Eurotaldeak hitzartutako akordioa "ona" da.
Wopke Hoekstra Herbehereetako ministroak, aldiz, ziurtatu du bere herrialdeak eurobonoei ezezkoa ematen jarraituko duela: "Gure iritziz, hori ez da lagungarria izango, epe luzera, Europarentzat edo Herbehereentzat", esan du. Halaber, nabarmendu du akordioa "Europako elkartasunaren seinale sendoa eta argia" dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa