Mundua
Koronabirusa
Asiako ekonomia % 2,2 haziko da bakarrik aurten, baina gora egingo du 2021ean
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren ondorioz, munduan 2 bilioi eta 4,1 bilioi dolar artean galduko dira, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,3 eta % 4,8 artean.
-
Wuhan (Txina). Artxiboko argazkia: EFE
COVID-19 gaitzak eragindako atzeraldiaren ondorioz Asiako ekonomia % 2,2 haziko da bakarrik aurten, baina datorren urtera begira % 6,1 baino gehiago igoko dela aurreikusi du Asiako Garapenerako Bankuak (AGB) urteko txostenean, betiere pandemia kontrolatu eta jarduera normalizatzen bada. Gauzak horrela, kreditu erakundeak nabarmen jaitsi egin ditu koronabirusaren agerraldia baino lehen urte honetarako egindako ekonomiaren hazkunde aurreikuspenak, iazko irailean % 5,5ean kokatu baitzituen.
Asiako Garapenerako Bankuaren arabera, iaz ekonomia % 5,2 eta aurreko urtean % 5,9 hazi ostean, ekonomiaren hazkundeari buruzko aurreikuspen horrek porrot handia suposatzen du eskualdearentzat. Gainera, Hego Korea, Singapur, Hong Kong eta Taiwan alde batera utzita, garapen bidean dauden ekonomiak % 2,4 haziko dira aurten, 2019ko % 5,7aren aldean, eta % 6,7 suspertuko dira 2021ean.
Koronabirusaren ondorioz, munduan 2 bilioi eta 4,1 bilioi dolar artean galduko dira, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,3 eta % 4,8 artean, Asiako Garapenerako Bankuak egindako txostenaren arabera. Otsailean, ordea, COVID-19 gaitza pandemia bilakatu aurretik, galera horiek mundu mailako BPGaren % 0,4 baino gehiago ez zirela izango adierazi zuen erakunde horrek.
"Pandemiaren bilakaera eta, beraz, Asiako zein mundu osoko ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak oso zalantzazkoak dira. Hazkundea apalagoa izan daiteke, eta susperraldia uneotan aurreikusten ari garena baino motelagoa", ohartarazi du Yasuyuki Sawada AGBko ekonomialari buruak.
COVID-19 gaitza Wuhanen atzeman ondoren, lehen hiruhilekoan Txinak atzeraldi handia izan zuen industrian, zerbitzuetan, inbertsioan eta salmenta txikietan. Gauzak horrela, Txinako ekonomia % 2,3an geratuko da aurten, aurreikuspenen arabera, eta % 7,3ra igoko da 2021ean, beste herrialdeen gainetik kokatuz eta hurrengo urteetan egonkortu aurretik.
Garapen bidean dauden Asiako tokietan, eskaera globalaren beherakadak gehien kaltetutako eremuak ekonomikoki irekienak izango dira, hala nola Asiako hego-ekialdea (Aurten% 1 baino ez da haziko Txinarekin duen loturagatik ) edo turismoaren mendekoak, hala nola Ozeano Barea (2020an % 0,3 egingo du behera), 2021ean datu positiboetara itzultzeko (% 2,7).
Asia hegoaldea % 4,1era jaitsiko da 2020an eta% 6 suspertuko da 2021ean; Asia Erdialdea, berriz,% 2,8 baino ez da haziko aurten. Indian, hazkunde aurreikuspena % 4koa izango da aurten, eta 2021ean % 6,2koa.