07:14

Mundua

Koronabirusa

Europatik AEBra doazen hegaldiak mugatuko ditu Trumpek 30 egunez, koronabirusagatik

Agentziak | Erredakzioa

Neurriak salgaiei eta merkantziako produktuei ere eragiten diela nabarmendu du AEBko presidenteak. Dena dela, "tokian tokiko baldintzen arabera" doituko dituzte murrizketak.

0:48
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak zorrotz mugatuko ditu Europatik AEBra doazen bidaia guztiak, koronabirusaren hedapena saihesteko. Erresuma Batua, ordea, neurri horretatik kanpo dago. AEBn bizitzeko baimena duten bidaiariei ere ez die eragingo, betiere COVID-19 gaitza atzemateko proban negatibo ematen badute.

Trumpek Etxe Zureko bulego ofizialetik herritarrei igorritako mezu batean azaldu duenez, behin behineko etenaldia ostiral gauerdian sartuko da indarrean, eta gutxienez 30 egun iraungo du.

"Hainbat neurri hartzea erabaki dut, gogorrak baina beharrezkoak, estatubatuar guztien osasuna eta ongizatea zaintzeko. Europatik AEBrako bidaia guztiak etengo ditugu koronabirusean positibo ematen duten kasu berriak gure mugetara sar ez daitezen", esan du Trumpek.

Iragarritako debekuak Europatik iristen den "edozein gauzari" eragiten diola azaldu du agintari estatubatuarrak, "salgaiak eta merkataritzako produktuak barne".

"Murrizketa horiek tokian tokiko baldintzen arabera doitzen joango dira", adierazi du presidenteak, eta Europatik itzuli nahi duten estatubatuarrentzat salbuespenak egingo dituztela iragarri du. Dena dela, kasu horietan birusa atzemateko azterketa zorrotzak egingo dizkietela gaineratu du.

Trumpek Europako herrialdeei bota die koronabirusaren hedapenaren errua, eta "atzerriko birustzat" jo du COVID-19 gaitza.

"Europako Batasunak ez zituen AEBk hartutako prebentzio-neurri berberak hartu, eta ez zituen Txinatik eta birus horren beste foku batzuetatik egindako bidaiak mugatu. Ondorioz, kasu berri ugari atzeman dira AEBn, eta Europatik etorritako bidaiariek eragin dituzte gehienak", esan du.

Horrez gain, Txinan eta Hego Korean azken egunotan atzeman dituzten kasuen beherakada nabarmenaren aurrean, Gobernuak herrialde horiei ezarritako murrizketak "berriro aztertuko" dituela iragarri du agintari estatubatuarrak.

"Une kritikoan gaude birusaren aurkako borrokan. Txinarekiko hartu genituen prebentzio-neurriek estatubatuar askoren bizitzak salbatu dituzte, eta orain modu berean jokatu behar dugu Europarekin", ziurtatu du Trumpek.

Hitzaldian, Trumpek ez du zehaztu zein herrialderi eragiten dion neurriak. Dena dela, bidaietarako murrizketa hori "azken 14 egunetan muga akordio irekiak dituzten 26 herrialdeetan egon diren atzerritarrei" aplikatzen zaiela zehaztu du Etxe Zuriak mezua horren ondoren, Schengen espazioa aipatuz, Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Uneotan, Schengen espazioa osatzen duten herrialdeak honako hauek dira: Espainia, Alemania, Austria, Belgika Danimarka, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Suedia eta Suitza.

AEBn, 1.200 kutsatu eta 36 hildako daude jada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena