Mundua
AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Agentziak | Erredakzioa
Astearteko emaitzen ondoren, hautagai demokrata izateko bidea erraztu dio Sandersek Bideni, izan ere, presidenteorde ohiak 817 ordezkari ditu dagoeneko, eta senatari ezkertiarrak 659.
Albisteak (3)
Bernie Sanders senatari ezkertiarrak ezin izan du duela lau urte Michiganen lortutako garaipena errepikatu, eta astearte honetan hautagai demokrata izateko bidea erraztu dio Joe Biden presidenteorde ohiari, Etxe Zurira iristea helburu duen aurkariari.
Zehazki, Bidenek botoen % 53 lortu ditu Michiganen, eta Sandersek, berriz, % 38. Horrez gain, Barack Obamaren presidenteorde izandakoak (2009-2017) Missourin (% 60) eta Mississippin (% 81) ere irabazi du. Bozetara deitutako beste hiru estatuetan (Washington, Idaho eta Ipar Dakota) ez dituzte emaitzak zabaldu.
Priorities USA Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) demokratentzat dirua biltzen duen erakunde nagusiak Bidenen zerbitzura jarri du bere makineria, "matematikak orain argiak" direla iritzita eta demokraten primarioak Bidenek irabaziko dituela ziurtzat emanez.
Testuinguru horretan, demokrata askok, Jim Clyburn kongresukideak besteak beste, "primarioak amaitutzat emateko" eta datozen egunetarako aurreikusita dauden eztabaidak bertan behera uzteko eskatu diote alderdiari. Bidenentzat ezinbestekoa izan zen Clyburnen babesa Hego Carolinan garaipen handia lortzeko.
Astearteko emaitzen ostean, Bidenek aurrea hartu dio Sandersi, izan ere, presidenteorde ohiak 817 ordezkari ditu jada, eta senatari ezkertiarrak, 659. Demokratek uztailean egingo duten batzarrean izendatuko dute AEBko hauteskundeetarako hautagaia, eta 1.991 ordezkariren babesa lortu behar dute horretarako.
Hala, Sandersek hautagai demokrata izateko lehian jarraitzea erabakitzen badu, igandean Phoenixen (Arizona) izango den aurrez aurreko eztabaidan parte hartu beharko du. Datorren asteartean Florida, Ohio, Illinois eta Arizona estatuetan primarioak egin aurretik egingo dute eztabaida hori.
Azken hilabeteotako eztabaiden ostean, bi hautagaien arteko lehen aurrez aurrekoa izango da; izan ere, aurreko eztabaidetan Elizabeth Warren eta Amy Klobuchar senatariek, Pete Buttigieg alkate ohiak eta Michael Bloomberg milioidunak hartu zuten parte.
Horrez gain, publikorik gabeko lehen eztabaida izango da, koronabirusaren hedapenaren aurrean alderdiak neurriak hartzea erabaki baitu; izan ere, AEBn 1.000 kasu inguru atzeman dituzte eta 30 bat pertsona hil dira jada horren eraginez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa