10:41

Mundua

Ameriketako Estatu Batuak

AEBko hauteskundeetan alderdi demokrata ordezkatzeko lehia utzi du Pete Buttigiegek

Agentziak | Erredakzioa

38 urteko politikaria, batez beste 70 urtetik gorako gizonek zuzendutako alderdi demokrataren hautagai gazteena zen, eta duela hilabete eskas faborito gisa agertzen zen.

  • Pete Buttigieg Indianako South Bend hiriko alkate ohia.

    Pete Buttigieg Indianako South Bend hiriko alkate ohia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pete Buttigieg Indianako South Bend hiriko alkate ohiak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeetan Alderdi Demokrata ordezkatzeko lehia utzi du, babes gehien lortu zuen hautagaietako bat izan arren. Erabaki horrek, ordea, Joe Biden presidenteorde ohiari egiten dio mesede.

"Presidentetzarako kanpaina bertan behera uzteko erabaki zaila hartu dut gaur, baina nire esku dagoen guztia egingo dut urtarrilean presidente demokrata berri bat dugula ziurtatzeko", esan du Buttigiegek Indianako South Bend hirian, urte honen hasierara arte alkate izan duen hirian.

Buttigiegek AEBko lehen presidente homosexuala izan nahi zuen, eta haurrei bere sexualitatearekin zalantzak izan zituen gizon bat senarra ondoan izanda presidentegai izan daitekeela helarazi ahal izan zielako harro agertu zen behin jendaurrean. 

38 urteko politikaria batez beste 70 urtetik gorako gizonek zuzendutako Alderdi Demokrataren hautagai gazteena zen, eta duela hilabete eskas faborito gisa agertzen zen jarrera moderatua dutenen artean, Iowa estatuko Alderdi Demokrataren 'caucus'ean (hauteskunde primarioetan botoa eman zuen lehen estatua) alde estuarekin gailendu ondoren.

Bere erabakiak lehian jarraitzen duten gainerako hautagai moderatuei, bereziki Joe Biden presidenteorde ohiari, mesede egingo diela esan du; izan ere, larunbat honetan bere kanpainak behar zuen bultzada jaso zuen Hego Carolinan, primarioak irabazita.

Amy Klobuchar senatariari ere lagundu liezaioke erabaki horrek, AEBko hauteskundeetan Alderdi Demokrataren hautagai izateko aukera Buttigiegekin batera partekatu behar izan baitu orain arte mendebaldeko erdialdean. Horrela, aurrerantzean bere argudioa garatu ahal izango du, beste oztoporik gabe, nahiz eta epe luzera begira ez dagoen argi mesedegarri izango zaion ala ez.

Bestalde, erabaki hori ezagutzera eman eta denbora gutxira, Donald Trump AEBko presidenteak Twitter bidez eman du bere iritzia. Horren arabera, Buttigiegek alde batera egin ondoren, "berarentzat ziren boto guztiak lokartuta dagoen Joe Bidenek lortuko ditu".

Tom Steyer dirudunak larunbatean utzi zuen alderdia, eta, ondorioz, sei hautagai daude orain lehian: Joe Biden, Amy Klobuchar, Bernie Sanders, Elizabeth Warren, Mike Bloomberg eta Tulsi Gabbard.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena