Mundua
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Munduko Osasun Erakundeak ez duela koronabirusagatik neurri hori gomendatu ekarri du gogora Europako Batzordeak, eta nabarmendu du 232 milioi euro zuzenduko diola gaixotasun horren aurkako borrokari.
Anbulantzia bat Brescian (Italia), asteburu honetan. Argazkia: EFE.
Albisteak (7)
Europako Batzordeak "zuhurtzia" eskatu die astelehen honetan Estatuei koronabirusagatik mugak itxi ala ez erabakitzean. Gogorarazi duenez, erabaki hori hartzea kideak diren Estatuei dagokie, baina galdegin die herrialdeei, horrelako neurririk hartzekotan, arrisku-analisi "sinesgarrian" oinarritzea, neurria proportzionatua izatea, eta gainerako herrialdeekin koordinatuta egotea. Halaber, Batzordeak berretsi du Munduko Osasun Erakundeak ez duela gomendatu, oraingoz behintzat, mugak ixtea.
Hala berretsi dute Janez Lenarcic Krisi Kudeaketa komisarioak eta Stella Kyriakides Osasun komisarioak, prentsaurrekoan. Agerraldi horretan, horrez gain, iragarri dute Europar Batasunak 232 milioi euro zuzenduko diola gaixotasun horren aurkako borrokari.
"Batasuna gisa jardun behar dugu, ez banaka", eskatu du Lenarcicek. Zehaztu duenez, mugak ixtearen gaineko Estatuen edozein erabakik froga zientifiko "egokiak" izan beharko lituzke abiapuntu, "neurrikoa" izan beharko litzateke, eta kideak diren gainerako Estatu batzuekin "koordinatuta" hartu beharko lukete.
"Munduko Osasun Erakundeak ez du aholkatu bidaiei edo merkataritzari murrizketarik ezartzea"
"Oso garrantzitsua da nabarmentzea Munduko Osasun Erakundeak, oraingoz, ez duela aholkatu bidaiei edo merkataritzari murrizketarik ezartzea", adierazi du Kyriakidesek. Lenarcicek ere egin duenez, berretsi du muga-kontrolak kideak diren Estatuen eskumena direla.
Austriak, ordu batzuetan, Italiarekin duen tren-zirkulazioa bertan behera utzi du; izan ere, Veneziatik Austriara zihoan tren bat Brenneron gelditu dute, bi bidaiari koronabirusak kutsatuta egoteko arriskua baitzegoen. Azkenean, analisiek gaixotasun hori baztertu ostean, tren-zirkulazioa berriro hasi da.
Italian izan dira, oraingoz, Europako beste edozein herrialdetan baino kasu gehiago; izan ere, gutxienez bost lagun hil dira bertan, koronabirusak jota. Kyriakides harremanetan izan da herrialde horretako agintariekin, asteburuan, egoera "kezkagarria" baita.
Osasun komisarioak esan du asteartean europar adituen eta Osasun Mundui Erakundeko talde bat joango dela Italiara, egoera aztertzeko.
232 milioi euro
Testuinguru horretan, Europako Batzordeak iragarri du 232 milioi euro zuzenduko dizkiola gaixotasun horren kontrako borrokari. Hain zuzen ere, prestakuntza eta prebentzioa sustatuko dituzte, eta koronabirusa gehiago ez hedatzen ahaleginduko dira. Aurrekontu-sail horretatik, 114 milioi Osasun Mundu Erakunderako izango dira.
Aurrekontu-sail horren helburua da, horrez gain, osasun-sistema "ahulak" dituzten herrialdeei laguntza ematea. Babes horren zati bat, Bruselak ohar bidez jakinarazi duenez, Munduko Osasun Erakundearen eta Europar Batasuneko Estatuetako agintarien arteko hitzarmenen araberakoa izango da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa