Itxi

Mundua

KORONABIRUSA

Zazpi pertsona hil dira dagoeneko Italiako iparraldean, koronabirusaren ondorioz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mediku italiar batek positibo eman du Tenerifen, oporretan ondoezik ospitalera joan denean. Birusak zabaltzen jarraitzen du, eta Munduko Osasun Erakundeak balizko pandemiara prestatzeko deia egin du.

1:40
Turistak maskarillekin, Milanen

62 urteko gizonezko bat hil da koronabirusaren ondorioz Lonbardian, Italian birusaren agerraldiak gogorren jo duen eskualdean, eta dagoeneko zazpi dira herrialde horretan hildakoak. Gainera, lehenengo kasua atzeman dute Adige Garaia eskualdean (iparraldea).

Sant’Anna de Como ospitaleak baieztatu du zazpigarren heriotza, eta gizonak "bihotzeko eta giltzurrunetako arazo larriak" zituela azaldu du.

Gainera, lehenengo koronabirus kasua atzeman dute Adige Garaia eskualdean. Hasiera batean negatibo eman zuen gizonak, baina ondoren egindako azterketetan ikusi dute baduela birusa.

Seigarrena ere Italiako iparraldean hil da koronabirusagatik, Brescian, eta dagoeneko 231 kutsatu dira, agintariek jakinarazi dutenez.

Seigarren biktima hori minbiziak jota ospitaleratuta zegoen gaixo bat izan omen da. Goizean hil da laugarren kutsatua, 84 urteko gizon bat, Bergamoko (Lombardia) Juan XXII ospitalean; bosgarrenari buruzko daturik ez dute eman.

Aurretik hildako hiru pertsonak Cremonan hil zen emakume bat, Vo' Euganeoko (Veneto) 78 urteko gizon bat eta Codognon egondako 77 urteko emakume bat izan ziren. Azken horrek positibo eman zuen hil ondoren egindako probetan.

Koronabirusaren hedapenaren ondorioz, aparteko neurriak hartu dituzte Piemonten, Lombardian eta Veneton, aste honetarako gutxienez. Alde batera utzi dituzte jai, jardunaldi, kultura eta kirol ekintza guztiak, baita Veneziako inauteriak ere, eta eskolak, unibertsitateak eta museoak itxi dituzte.

Italiako mediku batek positibo eman du Tenerifen

Tenerifen oporretan dagoen mediku italiar batek positibo eman du ondoezik ospitalera joan denean, Kanarietako Gobernuak jakitera eman duenez.

Turista italiarra Sur de Adeje Quironen ospitale pribatuan dago isolatuta, baina datozen orduotan Candelaria ospitalera eramango dute.

Dirudienez gaixoa Lonbardiatik iritsi da, gaitza gogorren kolpatzen ari den Italiako eskualdetik.

Kanarietan agertu zen beste kasu bat duela aste batzuk, turista alemaniar bat, baina sendagiria jaso zuen.

Birusa, zabaltzen

Koronabirusagatik kutsatutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du Hego Korean, Iranen eta Italian, eta Munduko Osasun Erakundeak azpimarratu du oraindik ez dagoela pandemiarik, baina "horretarako prestatzeko unea" iritsi dela.

Hego Korea da, Txinaren atzetik, herrialde kaltetuena 800 gaixorekin eta 8 hildakorekin. Iranen gehiago dira hildakoak, 12, baina 64 kutsatu dira. Italian 231 pertsona kutsatu dira, eta zazpi dira hildakoak.