Mundua
Koronabirusa
Koronabirusak 2.592 hildako eta 77.345 kutsatu utzi ditu dagoeneko Txinan
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduotan 409 kasu berri baieztatu dituzte herrialdean, eta 150 pertsona hil dira; horietatik 149, Hubein, koronabirusa agertu zen probintzian.
-
Osasun-langile bat, Txinako ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE
Txinako Osasun Ministerioak astelehen honetan jakinarazi duenez, 2.592 pertsona hil eta 77.345 kutsatu dira dagoeneko herrialdean koronabirus berriaren eraginez.
Azken orduotan 409 kasu berri baieztatu dituzte herrialdean, eta 150 pertsona hil dira; horietatik 149, Hubein, koronabirusa agertu zen probintzian, eta bat, Hainan uhartean. Horrez gain, 9.915 pertsona larri daude, Txinako osasun agintariek azaldu dutenez.
Guztira, baieztatzeke dauden 3.434 pertsona kutsatuta egon daitezke Txinan. Halaber, herrialde osoko hainbat ospitaletan koronabirusagatik artatu dituzten 24.734 pertsonak alta jaso dute.
Osasun Ministerioak esan duenez, koronabirusak kutsatutako gaixoekin gertuko harremana izan duten 635.531 pertsona behaketan daude; 16.758ri igande honetan eman diete alta, eta 97.481ek, berriz, medikuen zaintzapean jarraitzen dute. Orain arte, 74 koronabirus kasu eta bi hildako izan dira Hong Kongen eta 10 kasu Macaon.
Koronabirus berria Hubei probintziako Wuhan hirian agertu zen, eta kasu gehienak Txina erdialdean jazo dira. Dena dela, azken asteetan Asiako hego-ekialdeko beste herrialde batzuetan, Europan eta Amerikan ere antzeman dituzte kutsatutako pertsonak. Munduko Osasun Erakundeak (MOE) urtarrilaren amaieran ezarri zuen nazioarteko larrialdi egoera, eta gaitzari aurre egiteko ahaleginak indartzeko eskatu zien nazioarteko herrialdeei.
Munduko Osasun Erakundeak COVID-19 izena jarri dio koronabirus berriari. Hotzeria baten antzekoak dira birus-familia zabal horren sintoma nagusiak, baina sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunak izan ditzakete gaixo batzuek. Kasu larriagoetan, infekzioak pneumonia, arnas sindrome akutu larria, giltzurrun-gutxiegitasuna eta heriotza ere eragin ditzake.