Itxi

Mundua

AEB

AEBko Senatuak absolbitu egin du Trump kargu guztietatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kongresuari oztopo egitea eta botere-abusua egotzi zizkioten demokratek, baina errepublikanoek euren gehiengoa baliatu dute presidentea absolbitzeko.

1:18
Ez da izan ezusterik senatuko bozketan.

Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak Donald Trump presidentea absolbitu du. Kongresuari oztopo egitea eta botere-abusua egotzi dizkiote mesede politikoak lortzeko asmoz Ukrainari ustez egindako presio kanpaina dela-eta kargutik kentzeko prozesuan.

Aldeko 48 botorekin eta kontrako 52rekin, AEBko Goi Ganberak Trumpek ez duela botere-abusurik egin ondorioztatu du. Geroago, bozketa azkar batean, presidenteak 53 senatariren babesa lortu du, eta 47 senatarik zigortzearen alde bozkatu dute. Hori dela eta, Kongresuari oztopo egitearen delitutik ere absolbitu dute.

Errepublikano batek soilik bozkatu du presidentearen kontra, Mitt Rommey senatariak. AEBko historian alderdi bereko presidente bat kargugabetzea babesten duen lehen legegilea izan da.

Bigarren delituari dagokionez, 53 senatarik (errepublikanoak) Trump "errugabea" dela ebatzi dute, eta 47k (demokratak), "errudun" jo dute.

Presidentea kargugabetzeko prozesuak aurrera egiteko, Ganberako kideen bi herenen babesa jaso behar zuen delitu bi horietako batek.

Bozketa egin baino lehen, Behe Ganberako gutxiengo demokrataren liderrak, Chuck Schumerrek, Trump kargugabetzearen alde bozkatzeko eskatu die senatariei.

"Lekukorik entzun ez duen historiako lehen epaiketa politikoa da", kritikatu du demokratak.

Horren esanetan, "gustatzen ez zaizkion albisteak faltsuak badira, hauteskundeetan gezurrak esatea onartzen bada, mundu guztia hain gaiztoa bada, orduan etorkizunerako itxaropenik ez dago".

Senatuko gehiengo errepublikanoaren liderrak, Mitch McConellek, bere aldetik, kasua "ulergaitza" dela adierazi du, eta arauak hautsi eta beste arau batzuk idatzi nahi izatea leporatu die demokratei, 2016an presidentea hautatzeko egin ziren hauteskundeak galdu zituztelako.

"Hauteskundeak galdu osteko erantzuna ezin liteke izan presidentearen bulegoari eraso egitea", adierazi du McConnellek.

Irailean, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak Trumpen aurkako epaiketa politikoa egiteko ikerketa abiatu zutela iragarri zuen, informatzaile batek Inteligentzia zerbitzuetara kexa bat helarazi ondoren. Salatzailearen esanetan, Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako homologoari deitu zion uztailean, presidentearen aurkari politikoa zen Joe Biden presidenteorde ohia eta haren semeetako bat, Hunter, iker zitzan, herrialde horretan ustelkeria egin zuten argitzeko.

Oposizio demokrataren arabera, Ukrainari laguntza gisa ia 400 milioi dolar emateko eta Etxe Zurian Zelenskirekin bilera bat egiteko baldintza bat jarri zuen Trumpek: urte hartako hauteskundeetarako hautagai zen Biden ikertzeko asmoa zuela iragarri behar zuen Kievek.

Behe Ganberak hainbat hilabete iraun zuen ikerketa egin ondoren, 2020ko urtarrilaren 16an hasi zen Senatuan Donald Trump AEBko presidentearen kontrako epaiketa politikoa.