Mundua
AEB-etako Hauteskundeak
EFE
Astelehenean hasiko dira Iowako 'caucus'ak, demokraten zein errepublikanoen primarioen prozesua, azaroaren 3ko hauteskundeei begira.
AEBetako hautagai demokraten muntai irudia. Argazkiak: EFE.
Iowa estatuko boto-emaileek astelehenean emango diote hasiera, AEBetako hauteskunde primarioen prozesuari. Hilabeteak iraungo diru prozesuak baina uztailean, geldialdia egingo dute demokratek, eta abuztuan, errepublikarrek. Bakoitzak bere konbentzioa ospatuko du, eta prozesua presidentetzarako hauteskundeekin amaituko da azaroaren 3an.
Hauek dira Donald Trumpi presidentetza lehiatuko dioten hautagai demokrata nagusiak:
JOE BIDEN
Sleepy Joe (Joe lotia), Trumpek mespretxuz deitzen dion bezala, lider gisa iritsi da 'caucus'etara boto asmoan, Real Clear Politics orri espezializatuak egiten dituen inkesten arabera. Iowako inkestek, ordea, Vermont estatuan aurkeztutako Bernie Sanders senatariaren atzetik kokatzen dute.
Barack Obamaren presidenteorde izandakoak (2009-2017) moderatu itxura eman du, 2016ko hauteskundeetan galdutako botoak berreskuratzeko gai den progresista bakarra bera dela nabarmentzeko.
BERNIE SANDERS
Hainbat une polemiko izan ditu kanpainan, Elizabeth Warren demokrataren aurkako adierazpen matxistengatik eta Tom Steyer hautagaia era desegokian agurtzeagatik, besteak beste. Hala ere, badirudi aurten, 2016an Hillary Clinton Estatu idazkari ohiak garaitu zuenean baino askoz ere aukera gehiago dituela azaroko hauteskundeetan izendatua izateko.
Iowako inkestek irabazle jotzen dute (2016an galdu egin zuen arren). Astelehenean garaipena lortuko balu, Bidenek inkesta nazionaletan ateratzen dion 5,4 puntuko aldea murriztea erraztuko litzaioke.
Bere zakartasuna eta estatubatuar askorentzat oso ezkerrekoak izan daitezkeen politikak -ordaintzaile bakarreko osasun-sistema publiko bat sortzea, adibide- dira Sandersen puntu ahulak.
ELIZABETH WARREN
Massachusettseko senatariak arlo guztietarako plan bana duen hautagai gisa saldu du bere burua. Iowako inkestetan laugarren jotzen dute, eta inkesta nazionalek hirugarren. Sandersen politikengandik urruntzen saiatu da orain arteko kanpainan -harekin politika ugari partekatzen dituen arren-, eta Sandersen kontra, emakume bat ezin dela AEBetako presidente izan esan ziola salatu du.
Herrialde osoko inkestak kontuan hartuta, Bidenengandik 13 puntura egongo litzateke. Warren askoz ere hobeto kokatuta zegoen urrian; izan ere, politika aurrerakoiei esker -unibertsitateko ikasleen zorrak % 75 murriztu nahi zituen eta sindikatuak babestu-, inkestetan lehena izatera iritsi zen, baina atzera egin du azken hilabeteetan.
PETE BUTTIGIEG
South Bend (Indiana) hiriko alkatea, hautagai gazteena da, 38 urterekin. Militar ohia da eta lehen presidente homosexuala izango litzateke. Kristau elizkoia da eta alderdiaren alde moderatuko kide da. Washingtonen politikan duen esperientziarik eza haize-bolada freskotzat aurkezten du Buttigiegek, eta ez ahultasun gisa.
Dena dela, Itsas Armadako teniente erretiratu honek latindar eta afroamerikar komunitateen botoa erakartzeko arazoak dituela erakutsi du.
MICHAEL BLOOMBERG
Zaila da Michael Bloombergen iragarki bat telebistan, ordenagailuan edo mugikorreko pantailan ikusi ez duen estatubatuar bat topatzea.
New Yorkeko alkate ohia (2001-2013) eta milioiduna, azaroan aurkeztu zen demokraten primarioetara, inork espero ez zuela. Lehiara berandu iritsi den arren, filantropo honek dagoeneko gastu errekorra hautsi du, 250 milioi dolar baino gehiago gastatu baititu kanpaina honetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa