Mundua
Eskozia
EFE
2014ko erreferendumean independentziaren kontra bozkatu zuten herritar asko brexit-aren aurkakoak dira. Pertsona horiek konbentzitzeko deia egin du Eskoziako ministro nagusiak.
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusia. Argazkia: EFE
Albisteak (4)
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak berretsi egin du independentziari buruzko erreferenduma aurten deitzea dela bere asmoa, duela egun batzuk Gobernu britainiarrak horretarako baimenik emango ez ziola baieztatu bazuen ere.
Erresuma Batua Europar Batasunetik aterako den egunean, buruzagi abertzaleak agerraldia egin du Edinburgon, eta aurten erreferendum bat antolatzeko lanean ari direla iragarri du.
Ildo horretan, kontsulta egingo dio Hauteskunde Batzordeari 2014ko erreferendumean erabilitako galdera ("Eskoziak herrialde independentea izan behar du?") errepikatzea komeni den ala ez argitu diezaion. Erreferendum hartan % 55a independentziaren kontra agertu zen.
Gobernu eskoziarrak independentziari buruzko txosten bat egingo du datozen hilabeteetan, herritarren ohiko zalantzak argitzeko asmoz. Halaber, Eskoziako Alderdi Nazionalistak bikoiztu egingo du independentziaren aldeko kanpainara bideratuko duen aurrekontua.
Urte amaieran, Eskoziako Parlamentuak erreferendumak antolatzeko legea onartu zuen, baina Boris Johnsonek ziurtatu zuen ez ziola horretarako eskumenik emango.
Nolanahi ere, Sturgeonek uste du Gobernu britainiarrak ezingo diola jarrera horri luzaroan eutsi, eta aurten ezinezkoa bada, 2021eko maiatzeko hauteskunde autonomikoen ostean erreferenduma izango dela konbentzituta azaldu da.
Gauzak horrela, mugimendu independentistaren helburua 2014an kontra bozkatu zutenak eta orain brexit-aren aurka agertu direnak konbentzitzea izan behar dela nabarmendu du.
Inkesten arabera, herritar horiek izan daitezke gakoa independentziaren aldeko aukera nagusitu dadin.
"Fase honetan indarrak beste modu batean erabili behar ditugu. Independentziaren aldeko argudio politikoak landu eta argudio horiek gailentzea lortu behar dugu", adierazi du.
Bestalde, bere asmoa Londresekin legezko erreferendum bat adostea dela esan du, "hori delako bide bakarra nazioartearen aitortza jasotzeko".
Erreferendumik izan ezean, Sturgeonek ez du baztertu Eskoziako Parlamentuak balio juridikorik gabeko galdeketa bat deitzea. Alabaina, kontsulta horrek mugimendu independentistari kalte egingo liokeela iritzi dio eta, ondorioz, aukera hori bere lehentasuna ez dela zehaztu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa