Mundua
Epidemia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, 600 bat europarrek eskatu dute Txinatik ebakuatzea. Dagoeneko 132 lagun hil dira herrialde horretan koronabirusak jota, eta 6.000 inguru daude kutsatuta.
Bidaiariak maskararekin, New Yorkeko JFK aireportuan. Argazkia: EFE
Wuhaneko koronabirusa zabaltzen ari dela eta, aire-konpainia handiak Txinarako hegaldiak bertan behera uzten hasi dira, tartean British Airways, Lufthansa eta Iberia.
Bidaia-agentziek lasaitasunerako deia egin dute, baina, aldi berean, Txinarako bidaiak bertan behera uztea edo atzeratzea gomendatzen dute.
Gobernu britainiarrak Txinara ez joateko gomendioa zabaldu ondotik, British Airwaysek hegaldiak bertan behera uztea erabaki du.
Iberiak ere arratsalde honetan jakinarazi du Shanghairako hegaldirik ez duela eskainiko ostiraletik aurrera eta otsail osoan zehar. Bezeroek dirua berreskuratzeko edo bidaia-txartela aldatzeko aukera izango dute.
Lufthansa konpainia alemaniarrak ere bertan behera utzi ditu Txinarekin lotzeko hegaldiak.
American Airlines eta United Airlines konpainia estatubatuarrek iragarri dute otsailean ez dutela Txinarako hegaldirik eskainiko.
600 europar Txinatik noiz aterako zain
Bestalde, 600 bat europarrek eskatu dute Txinatik ateratzea. Europako Batzordeak emandako behin-behineko datuak dira.
Janez Lenarcic Krisiak Kudeatzeko komisarioak esan du Europar Batasuneko herrialdeek ez diotela informazio zehatzik helarazi, eta, ondorioz, eskura dituzten datuak ez direla behin betikoak azpimarratu du.
Herrialde hauek eskatu dute beren herritarrak Txinatik ebakuatzeko: Austria, Belgika, Bulgaria, Alemania, Espainia, Finlandia, Frantzia, Italia, Letonia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania eta Erresuma Batua.
Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Txinan dauden espainiarrak Europar Batasunak zuzenduko duen ebakuazio planaren baitan bueltatuko dira, eta Espainiara iritsitakoan koarentenan jarriko dituzte, badaezpada.
Ebakuazio plan hori prestatzen ari direla eta xehetasun guztiak ostegun honetan azalduko dituztela erantsi du.
Bien bitartean, Txinako Osasun Batzordeak esan du dagoeneko 132 pertsona hil direla herrialde horretan koronabirusak jota, eta 5.975 pertsona kutsatuta daudela gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa