Mundua
Epidemia
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, nazioarteko arriskua "handia" dela esan du OMEk, eta ez "moderatua", aurreko txostenean adierazi zuenez. Txinan sortu den koronabirus horren lehen kasua baieztatu du Alemaniak herrialdean.
Medikuek irudi termikoak erabili dituzte bidaiarien tenperatura aztertzeko. Argazkia: EFE
Txinako Osasun Batzordeak jakitera eman duenez, azken orduetan 26 pertsona hil dira koronabirus berriaren agerraldiaren ondorioz. Gauzak horrela, dagoeneko 106 pertsona hil dira, eta 4.515 kutsatu zenbatu dituzte guztira.
Hubeik, Wuhan hiria dagoen eskualde txinatarrak, 1.291 kasu berri baieztatu ditu. Probintzia osoan, 2.714 gaixo artatu dituzte, eta, horietatik, 2.567 ospitaleratuta daude (563 larri eta 127 egoera kritikoan).
Halaber, Hubeiko Osasun Batzordeak jakinarazi duenez, sukarra zuten 31.934 gaixo artatu dituzte astelehen honetan Hubeiko ospitaleetan.
Bestalde, Txinan sortu den koronabirus horren lehen kasua baieztatu du Alemaniak herrialdean. Dena dela, munduko beste leku batzuetara ere iritsi da birusa. Frantziako agintariek, koronabirus berriaren lehen hiru kasuak baieztatu zituzten ostiralean. AEBko Gobernuak, berriz, herrialdean bigarren gaixo bat kutsatuta dagoela baieztatu du.
Hego Korean bi kasu izan dira, eta Japonian eta Vietnamen beste bi. Hong Kongeko kasuak, berriz, zortzira igo dira, eta Macaokoak zazpira. Singapurren bat izan da; Taiwanen, berriz, bost. Gainera, Thailandian hiru kasu izan dira, baina horietako bi dagoeneko sendatu dira, Malaysiako kopuru bera, eta horiei Australian kasu bat eta Kanadan beste bat gehitu behar zaizkie.
Koronabirusak 14 eguneko inkubazio-aldia du, baina sintomak agertu aurretik kutsatu daiteke.
Txinako agintariek uste dute 5.794 pertsona inguruk izan dezaketela birusa. Abenduan atzeman zuten Wuhango koronabirusa lehen aldiz.
Nazioarteko arrisku-maila igo du OMEk
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) koronabirusaren mehatxuaren ebaluazioa zuzendu du, eta nazioarteko arriskua "handia" dela esan du, eta ez "moderatua", aurreko txostenean adierazi zuenez.
OMEk aldez aurretik ziurtatu zuen arriskua "oso handia" zela Txinan, "baina moderatua nazioartean". Ildo horretatik, erakundeak onartzen du une hartan "akatsa" egin zuela formulazioan. Dena dela, oraingoz ez du koronabirusa "nazioarteko intereseko osasun publikoko larrialditzat" jo.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa