Mundua
AEB
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errepublikanoek gehiengoa dute Senatuan. Beraz, ezustekorik ez bada, oposizioak ezingo du Donald Trump AEBko presidente kargutik kendu.
Albisteak (4)
Abian da Ameriketako Estatu Batuetako Senatuan Donald Trump presidente kargutik kentzeko epaiketa politikoa. Prozesuaren lehen saioa kargugabetze prozesuaren araudia zehazteko baliatuko dute.
"Presidente bat kargutik kentzeko hirugarren epaiketa politikoa jarri dugu martxan", adierazi du Mitch McConnell errepublikanoen buruak Senatuan.
Epaiketa politikoak iraun bitartean John Roberts AEBko Auzitegi Goreneko presidentea izango da Senatuko burua. Prozesua hainbat izapide burokratiko betez abiarazi dute. Besteak beste, Jim Inhofe senatari errepublikanoak epaimahaiko kide izateko karguaren zina egin du. Epaimahaia Goi Ganberako senatariek osatzen dute.
Tramite horiek amaituta, epaiketa politikoaren araudia zehaztu dute. Aldeek 24 ordu izango dituzte, hiru egunetan banatuta, beren argudioak aurkezteko.
Hasiera batean, bi egun erabili nahi zituzten horretarako, baina McConnellek proposamena aldatu du azkenean, saioak goizaldera arte luzatzea ekarriko lukeelako.
Halaber, McConnellek azpimarratu du lehen saioa ez dutela amaitutzat emango epaiketa politikoaren araudia zehaztu arte. Demokratek hainbat zuzenketa aurkeztuko dituzte, eta, beraz, eztabaidak luze joko duela espero da.
Prozesu honetan frogak aurkezteko eta lekuko berriak deitzeko aukera izatea nahi dute demokratek.
"Gure hauteskundeetan eragiteko atzerriko agintari bati presioa egitea leporatzen zaio Trump presidenteari", nabarmendu du Chuck Sumer buruzagi demokratak.
Hauteskundeetan eragiteko presioak
Joe Biden AEBko presidenteorde ohiari kalte egiteko asmoz, Ukrainako Gobernuari presioa egin izana leporatzen diote Donald Trumpi. Zehazki, nagusikeria eta Kongresuari trabak jartzea egozten dizkiote.
Demokratek egindako salaketaren arabera, Biden ikertuko zutela publikoki iragartzeko eskatu zion Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari, eta, egin ezean, AEBk emandako 400 milioiko laguntza kenduko ziola ohartarazi zion.
Alderdi Errepublikanoak gehiengoa du Senatuan: 100 eserlekutik 53 ditu. Hortaz, ezinezkotzat jotzen da demokratek Trump kargutik kentzeko beharrezkoak diren botoak lortzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa