Mundua
Osasuna
EFE | Erredakzioa
2019-nCoV koronabirusak eragin ditu kutsadurak. Oraingoz, 6 herritar hil eta 217 kutsatu dira; 35 larri daude eta 9 egoera kritikoan.
Pekingo bi herritar, "Wuhango pneumonia"ren aurkako neurriak hartuta. Argazkia: EFE.
2019-nCoV koronabirusak sortutako "Wuhango pneumonia" gaixotasunak 6 hildako utzi ditu, oraingoz, Txinan. 11 bat milioi biztanle dituen Wuhan hirian atzeman zuten lehen aldiz koronabirus berri hori, abenduan; guztira, 258 herritar kutsatu dira, gehienak Txinan, eta horietatik 35 larri daude eta 9 egoera kritikoan.
Agintariak adi daude Txinan. Gainera, herrialde horretan, milioika lagun ari dira egunotan euren etxeetara bueltatzen, Urte Berria ospatzeko. Baina Txinan ez ezik, beste herrialde batzuetan ere ari dira neurriak hartzen: Australian, Gobernuak erabaki du Wuhandik iritsitako hegaldietan kontrolak handitzea, Brisbane hirian balizko kasu bat detektatu ondoren, eta Ameriketako Estatu Batuetan eta Thailandian Txinatik heltzen diren bidaiariei kontrolak egiten hasi dira. Horren aurrean, MOE Munduko Osasun Erakundeak bilera egingo du hilaren 22an, asteazkenarekin, eta hainbat adituk zehaztuko dute nazioarteko larrialdia deitzeko arrazoirik ote den.
2019-nCoV koronabirusak sortzen du gaixotasuna. MOEk bere webean azaldu duenez, koronabirusek birus-familia handia osatzen dute, eta horietako batzuek ahalmena dute gizakiei gaixotasun larriak eragiteko; oraingoz, adituek kutsaduraren eta Wuhango arrain- eta itsaski-merkatu baten arteko nolabaiteko lotura aurkitu dute, baina ez dute gainerako xehetasunik eman. 217 kutsadura-kasuetatik 198 Wuhanen gertatu dira; Guangdong probintzian 14 kasu atzeman dituzte, eta 5, Pekinen. Shanghain, gutxienez lagun bat ari dira aztertzen, kutsatuta egon litekeelakoan.
Nola kutsatzen den, eta nola prebenitu
Oraindik xehetasun asko eman ez badituzte ere, Munduko Osasun Erakundearen arabera, "litekeena da animalia-iturri bat izatea koronabirus berri honen iturria". Hortaz, birus hori kutsatzen duten animaliak ez ukitzeko edo babes-neurriak hartzeko eta animalia-jatorria duten elikagaiak behar bezala prestatzeko eskatu dute. Txinako Osasun Batzorde Nazionalak baieztatu duenez, gizakien artean ere kutsa daiteke; Guangdong probintziako bi gaixo behintzat horrela kutsatu omen dira.
"Wuhango pneumonia"ren sintomak sukarra eta itolarria, eztul lehorra eta, askotan, disnea (arnasa hartzeko zailtasuna) dira. Prebenitzeko, eta babes-neurri gisa, MOEk eta Txinako hedabide publikoek gomendatu dute maskarak erabiltzea, eztul egitean edo doministiku egitean sudurra eta ahoa estaltzeko zapiak baliatzea, eskuak maiz garbitzea, jendetza saihestea, eta medikuarengana joatea, ahalik eta lasterren, sintomaren bat izanez gero.
Xi Jinping Txinako presidenteak "lehentasun osoa" eman dio gaixotasuna desagerrarazteari. Xinhua Estatuko albiste-agentziaren arabera, "osasun publikoarentzat larrialdi" bilakatu da. Pneumonia honek Txinan izan du eragin handiena, baina beste herrialde batzuetan ere kasu batzuk egiaztatu dituzte: Thailandian gutxienez bi kasu izan dira, eta Japonian eta Hego Korean, bana. Filipinetan, berriz, balizko kasu bat ikertzen ari dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa