Mundua
Bagdad
Agentziak | Erredakzioa
Iranen kidekoa den Kataib Hezbola miliziaren jomugen aurka azken egunotan egindako aire-erasoengatik ari ziren protestatzen erasotzaileak. Iturri batzuen arabera, gutxienez 20 lagun zauritu dira.
Milaka manifestatzailek eta lider milizianok elkarretaratzea egin dute astearte honetan Ameriketako Estatu Batuen Irakeko Enbaxadaren ondoan, Iranen kidekoa den Kataib Hezbola miliziaren jomugen kontra azken egunotan egindako aire-erasoengatik protestatzeko. Protesta horretan Enbaxadaren aurka izandako erasoen ondorioz, gutxienez 20 lagun zauritu dira, iturri batzuen arabera.
Igandeko bonbardaketetan hildako batzuen aldeko hiletak amaituta egin dute elkarretaratzea, Al Sumaria Irakeko telebista-kateak jaso duenez.
Protestan, manifestatzaileetako batzuek harriak bota dituzte Enbaxadaren aurka, eta beste hainbatek AEBren eta Donald Trumpeko presidentearen kontrako oihuak bota dituzte.
Sarbide-gunean eta instalazioetako sarrerako segurtasun-postu batean suteak izan dira, Reuters albiste-agentziaren arabera.
Indar bereziak zabaldu dira, erasoak saihesteko, eta gas negar-eragileak eta zorabiatzeko granadak baliatu dituzte manifestariak sakabanatzeko, tentsioak oso gora egin duela ikusita.
Milizianoek ere eskatu dute elkarretaratzea desegitea, bozgorailu batzuen bidez. Gobernuaren aldeko milizia batzuen koalizioa den Herri Mobilizazioaren Indarrek zehaztu dutenez, gutxienez 20 lagun zauritu dira erasoen ondorioz.
25 hildako eta 55 zauritu, bonbardaketetan
Igandeko bonbardaketetan 25 miliziano hil ziren, eta 55 lagun zauritu. Ostiralean, Kirkuk hirian, Irakeko base militar baten aurkako erasoa izan zen, jaurtigaiak erabiliz; kontratista estatubatuar bat hil zen, eta AEBko lau militar eta bi militar irakiar zauritu ziren.
Irakeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak astelehen honetan iragarri zuen aztertuko duela AEBk zuzendutako nazioarteko koalizioarekin duen harremana, bonbardaketen ostean.
Trumpek Iran salatu du
Gertaturikoaren aurrean, Donald Trump AEBko presidenteak Iran salatu du, erasoa "antolatzeagatik": "Iranek kontratista estatubatuar bat hil zuen, eta hainbat lagun zauritu. Erantzun irmoa eman genuen, eta horrela egingo dugu beti. Orain, Iran AEBren Irakeko Enbaxadaren aurkako eraso bat ari da prestatzen", esan du Trumpek, Twitterreko bere kontuan.
"Ardura Iranena izango da erabat. Gainera, espero dugu Irakek Enbaxadari babesa emateko erabiltzea haren indarrak; horixe esan eta eskatu diegu", gehitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa