Mundua
Krisi klimatikoa
Agentziak | Erredakzioa
Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, klimak eragindako hondamendien ondorioz biztanleak mugitzeko beharra izateko arrisku handiena duten Europako herrialdeen artean hirugarren dago Espainia.
Glaziarren urtzea, muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioa. Argazkia: Pexels.com
Larrialdi klimatikoak eragindako hondamendiak mundu mailako barne desplazamenduen arrazoi nagusi bihurtu dira azken hamarkadan, eta 20 milioi pertsona baino gehiago euren etxeak uztera behartu dituzte urtero, Oxfamek astelehen honetan ohartarazi duenez.
"Beren etxeak uztera behartuak" izeneko txostena aurkeztu du gobernuz kanpoko erakundeak, gaur Madrilen inauguratu den Klimari buruzko Nazio Batuen Konferentziarekin bat eginez. Besteak beste, krisi klimatikoak kaltetutako komunitateei, desplazatuei barne, finantza-laguntza ematea aztertuko dute hilaren 13ra arte bertan.
Oxfamen arabera, gaur egun "hiru aldiz gertagarriagoa da norbaitek bere etxea utzi behar izatea zikloiengatik, uholdeengatik edo baso-suteengatik gatazkengatik baino, eta lurrikarengatik edo sumendien erupzioengatik baino zazpi aldiz gehiago".
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera (2008tik 2018ra bitarteko datuak aztertu ditu), Europan klimak eragindako hondamendien ondorioz biztanleria mugitzeko beharra izateko arrisku handiena duten herrialdeen zerrendan, hirugarren dago Espainia, Txekiar Errepublikaren eta Greziaren atzetik.
Bereziki, Oxfamek nabarmendu du balizko desplazamendu horren aurrean ahulenak herrialde txiroetako herritarrak direla; izan ere, "CO2ak eragindako kutsaduran gutxien lagundu dutenak izan arren, arrisku handieneko egoeran daude".
Erakundearen arabera, klimaren krisiak munduan duen eragina desberdina da, eta errenta ertain eta baxuko herrialdeetako biztanleek, Indiakoek, Nigeriakoek eta Boliviakoek kasu, lau aldiz aukera gehiago dituzte hondamendien ondorioz lekualdatzeko, AEBn eta horien pareko herrialde aberatsetan bizi diren pertsonek baino.
Gainera, muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioz barne mugimenduak izateko arrisku handiena duten hamar herrialdetik zazpi garatzen ari diren uharteetako estatu txikiak dira.
"2008tik 2018ra bitartean, batez beste, Kuba, Dominika eta Tuvaluko biztanleen % 5 inguru mugitu behar izan ziren urtero muturreko baldintza meteorologikoen ondorioz, hau da, Madrilgo biztanleriaren ia erdia", adierazi du Oxfamek, eta gaineratu du bere per capita emisioak "diru-sarrera handiko herrialdeen herena" direla.
Klimaren konferentzian, NBEk Varsoviako Nazioarteko Mekanismoaren lehen berrikuspena amaitzea aurreikusi dute. Halaber, garapen bidean dauden herriek "klima-aldaketaren ondorioz larrialdi egoerak pairatu ostean, suspertzen eta berreraikitzen lagunduko dien funts berri bat sortzeko presioa egitea" espero dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa