Mundua
CIDH-AREN SALAKETA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jeanine Añezen behin-behineko Gobernuak poliziaren eta militarren jarrerak ardura penaletatik aske uzten dituen dekretua onartu du. Askok "hiltzeko baimen" gisa jo dute dekretu hori.
CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak salatu du Boliviako krisia lehertu zenetik gutxienez 23 pertsona hil direla eta 715 zauritu.
"Atzotik 9 pertsona hil dira eta 122 zauritu, Poliziaren eta Indar Armatuen errepresio konbinatuta dela eta. Gutxienez 23 hildako eta 715 zauritu kontatu ditugu krisi instituzionala eta politikoa hasi zenetik" idatzi du erakundeak bere Twitter kontuan.
CIDH oso kezkatuta dago Boliviako segurtasun indarrak protestetan izaten ari diren jarreragatik. Polizia eta militarrak indarra "modu desproportzionatuan" eta suzko armak erabiltzen ari direla salatu dute, eta azken horiek ez direla "protesta sozialak kontrolatzeko" erabili behar gaineratu du.
Batzordeak gogorarazi du nazioarteko estandarrek argi uzten dutela Indar Armatuen presentzia "ahal den gehien" mugatu behar dela eta gas negar eragileak nazioarteko estandar juridikoak urratzen dituela.
Michelle Bachellet NBEn Giza Eskubideetarako Goi Ordezkariak ere ildo berean hitz egin zuen atzo eta Cochabamban Poliziak manifestarien aurka "indarra beharrik gabe eta modu desproportzionatuan erabili" duela salatu zuen.
Heriotza horiek gaitzetsi zituen Bacheletek eta Poliziaren jarrera oso arriskutsua dela adierazi zuen, indarkeria baretu beharrean "okertu" egingo baitute. "Asko kezkatzen nau Boliviako egoerak eskuetatik ihes egiteak, agintariek ez badute tentuz jokatzen eta indarraren erabilerarako dauden nazioarteko arauak errespetatzen ez badituzte, ezta giza eskubideak ere" esan zuen.
"Hiltzeko baimena"
Hain zuzen ere, dekretu polemikoa onartu zuen ostiralean Boliviako behin-behineko Gobernuak. "Babes operatiboetan parte hartzen duten funtzionarioek" ez zutela ardura penalik izango ebatzi zuten, "bidezko defentsan ari badira edo behar-beharrezkoa bada indarra erabiltzea", "legediaren, derrigortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioen" arabera.
CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak ohartarazi du Jeanine Añez presidenteak sinatutako dekretua giza eskubideen "nazioarteko estandarretatik kanpo" dagoela eta "errepresioa bultzatzen" duela.
Araudi hau "hiltzeko baimentzat" jo dute askok baina intentzio hori zuenik ukatu du Gobernuak.
Jeanine Añezek Nazio Batuen bitartekaria hartu du
Jeanine Añez bere burua presidente izendatu duen behin-behineko agintariak Jean Arnault Nazio Batuek krisian bitartekari lanak egiteko bidali duten ordezkaria hartu zuen atzo Gobernuko Jauregian.
"Bihartik aurrera hainbat aktore politiko eta sozialekin bilduko gara indarkeriarik gabeko planteamenduez hitz egiteko, bakeaz, eta elkarrizketa hasteko beharraz; ahalik eta lasterren hauteskunde libre eta gardenak egin daitezen" esan zuen Arnaultek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa