Mundua
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek bere zergak ezagutaraztea eragozteko eskatu dio AEBko Gorenari
Agentziak | Erredakzioa
AEBko presidenteren abokatu batek helegitea jarri du New Yorkeko apelazio-gorte batean, presidentearen zerga-aitorpenak emateko agindu judizial baten aurka.
-
Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak bere zergak ezagutaraztea eragozteko eskatu dio herrialde horretako justizia auzitegi gorenari. Izan ere, aurretik emandako agindu judizial batek azken zortzi urteetako zerga-aitorpenak eskuratzeko aukera eman zien New Yorkeko agintariei.
Zehazki, Jay Sekulowek, Trumpen abokatu batek, New Yorkeko apelazio-gorte baten erabakiaren aurka helegitea jarri duela jakinarazi zuen atzo, joan den astean AEBko presidentearen zerga-aitorpenak Manhattango fiskalei emateko agindu ostean.
"Eskaera bat egin diogu AEBko Auzitegi Gorenari, Fiskaltzak emandako zitazio judizialaren inguruko erabakia indargabetu dezan", adierazi du Sekulowek.
Auzia abuztuan hasi zen, Manhattango Fiskaltzak presidentearen kontabilitatea kudeatzen duen Mazars enpresari azken zortzi urteetako irabazi pertsonal eta korporatiboen zerga-aitorpenak emateko eskatu zionean.
Zehazki, 2016ko hauteskunde-kanpainan Trumpek Stormy Daniels aktoreari ustez ezkutuan egindako ordainketek New Yorkeko legedia urratu ote zuten ikertzeko eskatu zion informazio hori Fiskaltzak Mazarsi.
Testuinguru horretan, Gorenak Trumpen zerga-aitorpenen inguruko auzia ebatzi arte itxarotea onartu du Manhattango Fiskaltzak, baina ebazpena lehenbailehen emateko eskatu dio. Hala, ekaina amaitu aurretik erabaki bat eman dezala eskatu dio, The New York Times egunkariaren arabera.
Trumpek beste kasu bat ere aurkeztu nahi dio Gorenari, izan ere, Mazars enpresak azken zazpi urteetako finantza-erregistroak AEBko Ordezkarien Ganberari ematera behartuta egongo litzateke. Oposizioko Alderdi Demokratak kontrolatzen du ganbera hori, eta enpresa horren finantza-erregistroak presidentearen finantzak eta balizko interesak ikertzeko erabili nahi ditu.