Mundua
Bolivia
Agentziak | Erredakzioa
Karguari uko egin eta gero, bera atxilotzeko "legez kanpoko" agindu bat dagoela salatu du eta "kolpistei" Estatu Zuzenbidea suntsitzea egotzi die.
Albisteak (3)
Evo Morales Boliviako presidenteak karguari uko egin dio igande honetan, Amerikako Estatuen Erakundeak urriaren 20ko hauteskundeak errepikatzea eskatu ondoren.
"Bake soziala itzultzea nahi dugu, mundu guztiak jakin dezala nola talde oligarkikoek demokraziaren aurka egiten duten", adierazi du karguari uko egiteko egin duen hitzaldian.
Moralesek Carlos Mesa eta Fernando Camacho oposizioaren buruzagiak ere hartu ditu hizpide. "Espero dut Mesak, Camachok eta beste batzorde zibikok ez diezaiotela herriari kalte egin eta gezurrik esan", esan du.
Orain arte Boliviako presidente izan denak bere alderdikide batzuk emandako dimisioei buruz esan du mehatxuak eta bahiketak izan direla tarteko. "Karguari uko egin diot ez ditzaten nire anai-arrebak gehiago jazarri eta mehatxatu", argudiatu du.
"Kolpe hau salatu nahi dut. Borroka ez da hemen amaituko. Berdintasunaren eta bakearen alde borrokan jarraituko dugu", adierazi du Evo Moralesek.
Moralesek dimisioa aurkeztu eta berehala, karguari uko egin dio Alvaro Garcia Linera Boliviako presidenteordeak. "Indigena baten, nekazari baten presidenteordea izan naiz, eta beti izango natzaio leial", esan du telebista bidez zabaldu den mezu batean. "Bere ondoan egongo naiz beti, txarrean eta onean", nabarmendu du.
Boliviako zenbait egunkariren arabera, Morales eta Garcia Linera batera atera joan dira hegazkin presidentzialean.
Bera atxilotzeko agindua dagoela salatu du Moralesek
Karguari uko egin eta gutxira, bera atxilotzeko "legez kanpoko" agindu bat dagoela salatu du Moralesek eta "kolpistei" Zuzenbide Estatua suntsitzea egotzi die.
Twitterren duen kontuan iragarri duenez, "mundu guztiaren eta Boliviako herriaren aurrean honakoa salatu nahi dut: Polizia batek publikoki iragarri duela ni atxilotzeko legez kanpoko agindu bat duela; horrez gain, indarkeria darabilen talde bat nire etxean sartu da. Kolpistek Zuzenbide Estatua suntsitu dute".
Denuncio ante el mundo y pueblo boliviano que un oficial de la policía anunció públicamente que tiene instrucción de ejecutar una orden de aprehensión ilegal en contra de mi persona; asimismo, grupos violentos asaltaron mi domicilio. Los golpistas destruyen el Estado de Derecho.
— Evo Morales Ayma (@evoespueblo) November 11, 2019
Fernando Camacho Moralesen dimisioa ekarri duen protesten sustatzaile nagusiak atxilotze agindu hori baieztatu du: "Baieztatuta! Evo Morales atxilotzeko agindua!! Polizia eta militarrak haren bila ari dira Chaparen, ezkutatu den lekuan", bota du Twitterren.
Boliviako Poliziak, bestalde, Morales atxilotzeko agindua dagoela ukatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa