18:58

Mundua

Ameriketako Estatu Batuak

Trumpen aurkako epaiketa politikoa abiarazteko prozedura onartu du AEBko Kongresuak

Agentziak | Erredakzioa

Donald Trump presidente kargutik kentzea ahalbidetuko lukeen epaiketa politikoa Senatuan egingo litzateke, baina han Alderdi Errepublikanoak dauka gehiengoa.

  • Donald Trump, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Donald Trump, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alderdi Demokrataren gehiengoaz baliatuta, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak Donald Trump presidentea kargutik kentzeko epaiketa politikoa abiarazteko prozedura onartu du ostegun honetan.

232 kongresista ekimenaren alde agertu dira, eta 196 kontra. Trump politikoki epaitu ahal izateko ibilbide-orria onartu dute, baina oraindik ez dago egutegirik zehaztuta.  Orain arte, ateak itxita eta demokratek jarritako irizpideen arabera egin dute ikerketa.

Donald Trumpek berehala erreakzionatu du sare sozialetan ondoko mezua idatzita: "AEBn historian inoiz egin den sorgin-ehizarik handiena da hau".

Gaur onartutako ebazpenak defentsarako eskubidea aitortzen dio Trumpi, baina Stephanie Grisham Etxe Zuriko bozeramailearen arabera, "hau guztia presidentea kargugabetzeko saiakera alderdikoi bat da".

Inteligentzia Batzordeak agerraldia publikoak egingo ditu eta txosten bat landuko du. Dokumentu hori oinarri hartuta, Batzorde Judizialak erabakiko du epaiketa politikoa egiteko araudia idatzi ala ez. Epaiketa hori Senatuan egingo litzateke, eta Goiko Ganberan Alderdi Errepublikanoak dauka gehiengoa, alde txikiaren bada ere.  

Horrez gain, Trumpen abokatuek agerraldietan parte hartzeko aukera izango dute eta errepublikanoek lekukoak deitzeko eta dokumentuak eskatzeko eskubidea izango dute, baina horretarako legegileen gehiengoaren babesa beharko lukete, eta, beraz, trabak izan ditzakete.

"Gaur onartutako ebazpenak prozedura gardena izatea bermatzen du", azpimarratu du Nancy Pelosi Kongresuko presidenteak.

Alabaina, ordezkari errepublikanoek gogor kritikatu dute prozedura, demokraten interesei mesede egiten diola salatuta. Hori dela eta, denek kontrako botoa eman dute.

"Administrazioari defentsarako aukerarik eman gabe eman nahi dute epaia demokratek. Hau guztia injustua eta Konstituzioaren kontrakoa da", salatu du AEBko Gobernuaren bozeramaileak.

Kongresuak epaiketa politikoa egitea ahalbidetuko duela ziurtzat ematen, baina epaiketa hori Senatuan gauzatuko litzateke eta, oraingoz behintzat, ez lukete babes nahikoa izango Trump presidente kargutik kentzeko.

Ikerketa baten arabera, Trumpek Ukrainako Gobernuari presio egin zion, Joe Bidenen familia ikertzera behartzeko. 2020ko hauteskundeetan Biden izango ei da Trumpen arerio nagusia. Demokratek uste dute Ukrainaren bidez lortutako informazioa hauteskundeetan eragiteko baliatu nahi zuela Trumpek.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena