12:51

Mundua

Erresuma Batua

Alderdi Laboristak Erresuma Batuko hauteskundeak aurreratzea babestuko du

Agentziak | Erredakzioa

Akordiorik gabeko 'brexit'a baztertuta, Jeremy Corbynek Boris Johnson lehen ministroaren proposamenaren alde egitea erabaki du; hauteskundeak abenduaren 12rako deituko lituzkete.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alderdi Laboristako lider Jeremy Corbynek Erresuma Batuko hauteskunde orokorrak aurreratzea babestuko du; izan ere, astearte honetan bere alderdiko kide batzuei esan dienez, akordiorik gabeko balizko brexita baztertuta geratu da, eta horixe eskatzen zuen Corbynek hauteskunde-deialdi horri baiezkoa emateko.

Gaur, asteartea, Komunen Ganberan, Boris Johnson lehen ministroak hauteskundeak abenduaren 12rako deitzea baimenduko liokeen lege-proiektua aurkeztuko du; aurkezpen hori entzun aurretik batu da Corbyn hainbat diputatu laboristari.

Astelehen gauean, Johnsonek ez zuen lortu hauteskundeak aurreratzea, ez baitzuen erdietsi Ganberaren bi herenen babesa, legeak eskatzen duen moduan. Hortaz, gaur, "lege labur bat" babestuko du, eta horrek gehiengo sinplearen babesa behar du, ez besterik.

"Behin eta berriz esan izan dut hauteskundeetarako prest gaudela, eta gure babesak baldintza hori behar zuela, alegia, akordiorik gabeko brexita baztertzea", esan du Corbynek astearte honetako bileran sartu aurretik, haren bulegoak ohar batean adierazi duenez.

"Orain, Europar Batasunaren aldetik, entzun dugu urtarrilaren 31ra arte baieztatuta dagoela 50. Artikuluaren luzapena; beraz, ondorengo hiru hilabeteotan, gure baldintza, hau da, akordiorik eza eztabaidatik ateratzea, bete egin da", esan du oposizioaren liderrak.

"Hemendik aurrera, gure herrialdeak inoiz ikusi duen anbizio handiko kanpainarik erradikalena abiatuko dugu", iragarri du, Johnsonek nahi duen aurrerapenari oniritzia emanda.

Luzapena, urtarrilaren 31ra arte

Europar Batasunak astelehenean baieztatu duenez, luzapena eman dio Erresuma Batuari, 2020ko urtarrilaren 31ra arte. Lehen ministroak gutun bidez egindako eskaria aztertuta adostu zuen erabakia. Johnsonek, baina, ez zuen sinatu gutuna.

Alderdi Laboristaren oinarriak biltzen dituen "Momentum" taldeak, bere aldetik, Twitterren zehaztu du alderdiak "ofizialki" babestuko dituela hauteskundeak: "Hau da bizitza osoko aukera, Alderdi Kontserbadoreak sortutako nahaspilari amaiera emateko, eta milioika laguni itxaropena berriro emateko. Egin dezagun".

Aurreikuspena da Johnsonen lege-proiektua eguerditik aurrera eztabaidatzea diputatuek; gero, bozketa egingo dute. Gobernuak espero du legeak aste honetan gainditzea beharrezko tramite guztiak.

Johnsonen asmoa zen Erresuma Batua urriaren 31n ateratzea Europar Batasunetik, eta esana zuen nahiago zuela "zanga batean hilda egon" Europar Batasunari brexita atzeratzeko eskatu baino.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena