Mundua
'BREXIT'A
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunak Erresuma Batuaren oniritzia jaso nahi du prozedura hori abiatu aurretik, baina hurrengo 24 orduetan lortuko omen dute.
Donald Tusk, EFEren artxiboko irudi batean.
Europar Batasuneko herrialdeek brexit-a urtarrilaren 31ra atzeratzea onartu dute, Boris Johnson lehen ministro britainiarrak egindako eskaerari jarraiki.
Bilera egin dute gaur Europar Batasuneko 27 herrialdeek, eta, ostiralean ez bezala, gaur data berria zehaztu dute.
Donald Tusk Europar Batzordeko presidenteak Twitterren argitaratu duenez, "Erresuma Batuak egindako eskaera, alegia, brexita 2020ko urtarrilaren 31ra atzeratzea, onartu dute 27ek".
Europar Batasunak Erresuma Batuaren oniritzia jaso nahi du prozedura hori abiatu aurretik, baina datozen 24 orduotan lortuko omen dute.
The EU27 has agreed that it will accept the UK's request for a #Brexit flextension until 31 January 2020. The decision is expected to be formalised through a written procedure.
— Donald Tusk (@eucopresident) October 28, 2019
Europar Batasuneko hogeita zazpi herrialdeak ados zeuden joan den astean Londresi beste luzapen bat emateko beharrarekin, baina Frantziak erreserbak izaten jarraitzen zuen, Europar Batasuneko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Tuskek aipatzen duen "malgutasuna" hiru datatan islatuko da irteteko aukera gisa, betiere Erretira Ituna Erresuma Batuko Parlamentuak onartzen badu. Horrela, Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpoko herrialdea izango da 2019ko abenduaren 1ean, 2020ko urtarrilaren 1ean edo 2020ko otsailaren 1ean.
Poloniako politikariak mezu horretan bertan zehaztu duenez, luzapenari buruzko erabakia "idatzizko prozeduraren bidez" formalizatzea espero da, eta horrek esan nahi du ez dela beharrezkoa izango Europar Batasuneko buruzagien ezohiko goi-bilera bat brexitaren atzerapen berria eraginkorra izan dadin.
Hala, Komunen Ganberak eta Euroganberak azaroan zehar ituna onartzen badute eta Erresuma Batua hilabete horretan Europar Batasuneko herrialdeen kluba uzteko prest badago, brexita azaroaren 30etik abenduaren 1erako gauean izango da.
Erresuma Batuko Parlamentuak abenduan berretsiz gero, aldiz, erretiratzea abenduaren 31n gertatuko da, eta Westminsterrek urtarrilean onesten badu, brexita hil horren 31n izango da, beranduen jota.
Formula hori bera planteatu zen apirilean hogeita zazpiek aurreko luzapena urriaren 31ra arte eman zutenean.
Gaur enbaxadoreen bileratik irtetean, Michel Barnier brexiterako Batasuneko negoziatzaileak esan du topaketa "laburra, eraginkorra eta eraikitzailea" izan dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa