16:56

Mundua

Erresuma Batua

Ipar Irlandan muga-kontrolik ez jartzea proposatu du Johnsonek

Agentziak | Erredakzioa

Lehen ministro britainiarrak adierazi duenez, Europar Batasuna ez balego prest aintzat hartzeko Londresek egindako eskakizun batzuk, "alternatiba da akordiorik ez egotea".

  • Artxiboko irudian, Boris Johnson. Argazkia: EFE.

    Artxiboko irudian, Boris Johnson. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ipar Irlandako mugan kontrolik ez egotea aurreikusten du Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek Europar Batasunari helaraziko dion brexit-aren gaineko proposamenak.

"Gaur Bruselan aurkeztuko dugun proposamena zentzuzkoa eta eraikitzailea da", azpimarratu du Alderdi Kontserbadorearen urteko batzarrean egin duen agerraldian. Hori bai, erantsi du Europar Batasunak plan horren araberako urratsak ematea baztertzen badu, akordioa ezinezkoa izango dela.

Johnsonen arabera, eskaintza hori onartuz gero, Ipar Irlandako "mugaren bi aldeetako nekazariak eta bestelako enpresak babestuta" egongo lirateke.    

Halaber, "Erresuma Batua bere osotasunean aterako litzateke Europar Batasunetik, gure merkataritza politikaren gaineko kontrola hasieratik gure gain hartuta".   

Zenbait komunikabide britainiarrek zabaldu dutenez, Londresen asmoa ondokoa da: brexit-a gauzatu ostean, Ipar Irlandak merkatu komunitarioaren arauak jarraitzea, baina Europar Batasunaren aduanatik kanpo geratzea; hala, Erresuma Batuak beste herrialde batzuekin egindako merkataritza akordioez baliatzeko aukera izango luke Ipar Irlandak.

Gobernu britainiarren ustez, gauzak horrela eginda, Ipar Irlandako mugan ez litzateke kontrolik ezarriko eta, ondorioz, ez litzateke 1998ko sinatutako bake-ituna urratuko.

Nolanahi ere, irtenbide hori aldi baterako soilik izango litzateke. 2025etik aurrera, Ipar Irlandak Europar Batasuneko merkataritza arauak betetzeari uztea erabakitzeko aukera izango luke. Aipatzekoa da orain arte aukera horren kontra agertu dela beti Brusela.

Erresuma Batuak emango lituzkeen urratsak

Bestalde, Johnsonek nabarmendu du Erresuma Batuak ere emango dituela urratsak akordioa ahalbidetzeko asmoz. "Espero dut gure lagun europarrek ulertuko gaituztela eta haiek ere zerbait emango dutela", gaineratu du.

"Etorkizuneko kontrolei buruz ari gara hizketan, gai teknikoez ari gara, eta teknologia zentzu horretan etengabe hobetzen ari denean akordio batera iristeko gai ez bagara, inork ez dezala zalantzarik izan, ez da itunik izango", ohartarazi du.

"Guk ez du hori gertatzerik nahi, baina esan behar dut prest gaudela akordiorik gabeko amaiera baterako", azpimarratu du Johnsonek bere alderdikideen txalo zaparrada artean.

Gauzak horrela, lehen ministro britainiarrak berretsi egin du bere asmoari eusten diola eta Erresuma Batua Europar Batasunetik urriaren 31n ateratzea nahi duela eta, beraz, inolako luzapenik eskatuko ez duela erantsi du.

"Britainiarrak ausartak izan gara beti, originalak, gauzak ezberdin egiteko gaitasuna erakutsi dugu eta orain inork espero ez zuen beste pauso handi bat emango dugu", ziurtatu du.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena