Itxi

Mundua

Dokumentazioa

Zer da 'impeachment' edo kargugabetze-prozesua?

agentziak | erredakzioa

Funtsean, Legegileak presidente bat, delituren bat egin duelako, kargutik kendu ahal izateko prozesua da.

  • AEBko Kongresua. Argazkia: EITB

    AEBko Kongresua. Argazkia: EITB

ZER DA?

Funtsean, Legegileak presidente bat, delituren bat egin duelako, kargutik kendu ahal izateko prozesua da.

'Impeachment' horretan, funtzionario publiko bati legea urratzea leporatzen diote, eta Senatuak epaitzen du. Horrek ez du esan nahi automatikoki kargutik kentzea suposatzen duenik.

AEBko Konstituzioan agertzen denez, presidenteak, presidenteordeak eta funtzionario zibilek kargua galduko dute "traizio, eroskeria edo bestelako krimen edo delitu txikiengatik akusatu eta zigortzen badituzte".

Baina definizioa oso zabala denez, Kongresuak kargugabetze-prozesua abia dezake jarduera kriminal batengatik, boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik, edo bestela arau-hausteengatik.

NOLA ABIATZEN DA?

Normalean, Behe Ganberako Batzorde Judiziala da izapideak abiatzen dituena eta presidentea "epaitzeko" karguen ebazpena ematen duena. Gero Ordezkarien Ganberak eta Senatuak bozkatzen dituzte.

Kargugabetzearen arrazoiak, epaiketa politikoaren artikulu deiturikoak ('Articles of Impeachment'), ganberari igorri eta bertan eztabaidatu eta bozkatzen dira banan-banan.

Horietako bakar bat onartzen badute gehiengo sinplez, presidentea kargugabetze-prozesuan sartuko dute. Baina horrek ez du esan nahi bere jardun ofiziala utziko duenik, senatarien azken erabakiaren zain geratuko baita.

Ganberako Batzorde Judiziala izan da historikoki epaiketa politikorako ikerketak bere gain hartu dituena, baina Alderdi Demokratako buruzagiek 'ad hoc' aukeratutako batzorde bat jar dezakete arduradun. Demokratak gehiengoa dira Behe Ganberan, beraz, Trumpen aurkako prozesua has dezakete boto errepublikanorik gabe ere.

Ordezkarien Ganberako lehen izapidea gaindituta, Senatuak epaiketa politikorako artikuluak jasotzen ditu, eta araudia eta prozedura adosten dira.

EPAIKETA POLITIKOA

Epaiketa politikoa bera Senatuan egiten da. Legegile talde batek fiskalaren lana egiten du, eta gainerakoek "epaimahaia"rena. Bi heren behar dira presidentea errudun jotzeko.

Prozesuaren zati honetan presidenteak abokatuen laguntza izanten du.

Aldeko eta kontrako argudioak entzun ostean, senatariek saio pribatua egiten dute ebazpenaz eztabaidatzeko. Bozketa, aldiz, saio publikoan egiten da, eta gutxienez senatarien bi herenak beharko dira prozesua burura eramateko.

Senatuaren herena berritu egiten da bi urtean behin eta, gaur egun, 53 errepublikano, 45 demokrata eta bi independente daude. Azken biek normalean Alderdi Demokratikoaren jokabide bera izaten dute. Trump kargutik kentzeko, beraz, 67 boto behar dira, hau da, 20 errepublikanok alderdiaren aurka bozkatu beharko lukete.

Azkenean presidentea kargutik kentzearen alde egiten badute, Senatuak erabaki dezake presidenteari administrazio publikoan edozein jarduera egiteko eskubidea kentzea.

Trump kargugabetuz gero, bere 'bigarrena'k hartuko luke presidente kargua, Mike Pence presidenteordeak hain zuzen ere. Bera izango litzateke presidente agintaldia amaitu arte, hau da, 2021eko urtarrilaren 20ra arte.

AURREKARIAK

Hiru presidenteri egin diete epaiketa politikoa orain arte, eta bi absolbitu egin zituzten: Andrew Johnson 1868an; eta Bill Clinton 1999an. Richard Nixonek dimisioa eman zuen 1974an prozesua hasi aurretik, 'Watergate' eskandaluaren harira.

Clintonena da aro modernoko kasu entzutetsuena. Monica Lewinsky bekadunarekin izandako sexu aferarengatik jarri zen abian 1998an, baina errugabe atera zen 100 senatarietako 55en babesarekin zina hautsi izanaren delituan, eta berdinketa eman zen justiziaren lana oztopatzearen delituan.