12:06

Mundua

Erresuma Batua

Erresuma Batuko Gorenak 'legez kontrakotzat' jo du Parlamentuaren jarduna etetea

Agentziak | Erredakzioa

Komunen Ganbera asteazkenean bilduko da berriro. Johnsonek dio "errespetatuko duela" Gorenaren epaia, baina uste du ez dela ona 'brexit'aren akordiorako.

1:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak "legez kontrakotzat" jo du astearte honetan, ahobatezko epaia baten bidez, Parlamentu britainiarraren jarduna etetea. Epaia, hortaz, Boris Johnson lehen ministroaren aurkakoa da; izan ere, Johnsonek bost asterako itxiera eskatu zuen.

Herrialdeko Auzitegi Goreneko hamaika epaileek bi helegite zituzten aztertzeko: Eskoziako Apelazio Gortearena, alde batetik, eta Londreseko Auzitegi Nagusiarena, bestetik. Lehenak, legez kontrakotzat jo zuen Boris Johnsonen neurria; bigarrenak, ebatzi zuen auzi horrek eskumen politikoa zuela.

Gorenak ebatzi du Parlamentuaren itxiera legez kontrakoa dela jarduera legegileari kalte egiten baitio, eta ez dagoelako justifikaziorik horrelako neurri bat hartzeko; izan ere, demokraziarentzako "muturreko ondorioak" ekar litzake.

Gorenak ebatzi du, lehenik eta behin, eskuduntza duela gaiaren gaineko erabakia hartzeko; izan ere, hau bezalako etenak ere "epaileen kontua" dira, eta ez dira bakarrik txertatzen eztabaida politikoaren barnean.  

Gorteak barneratu du Parlamentuarena ez dela "etenaldi arrunta", Gobernuak aukeratutako garaia kontuan izanik. Jarduera urriaren 14an hasiko litzateke berriro, hau da, brexita gauzatzeko 15 egun baino lehenago.

Epaileek ebatzi dute Johnsonen erabakiak ondorengoa ekarri duela: "Parlamentuak bere eginkizun konstituzionalak garatzea zapuztu edo galarazi izatea". Johnsonen ardura da aukeratzea noiz gauzatu behar den Parlamentuaren jarduera etetea, eta nolako epean egongo den itxita Ganbera.

"Jardueraren etetea baliogabea da, eta efekturik ez du", azaldu du Lady Hale txostengileak. Hortaz, Parlamentua, legea kontuan izanik, aktibo dago, eta bi Ganberak bildu ahal ditu, "ahalik eta lasterren".

Gauzak horrela, John Bercow Komunen Ganberaren presidenteak jakitera eman du agindu duela Parlamentuak asteazkenean berriro ekiteko jarduerari; komunikabideei egindako adierazpenetan, Bercowk esan du aurreikuspena dela Ganbera 11:30ean biltzea (bertako ordua da, 10:30 GMT), eta zehaztu du ez dela egingo lehen ministroarentzako asteroko galdera-saioa.

Bercowk nabarmendu du Gorteak azpimarratu duela "Parlamentuak eskubidea eta beharra dituela, bizi garen une erabakigarri hauetan, biltzeko, Gobernuari kontrola egin eta ministroek kontuak ematea helburu".

Johnsonek dio Gobernuak "errespetatuko duela" Gorenaren epaia

Bere aldetik, Boris Johnsonek esan du, BBCri egindako adierazpenetan, Gobernuak Auzitegi Gorenaren epaia "errespetatuko" duela. Johnsonek erabateko desadostasuna agertu du Gorenaren epai historiko honekin; une honetan, New Yorken dago Johnson, NBEren Asanblada Nagusiaren bilera batean.

"Noski, errespetatuko dugu epaia; prozesu judiziala errespetatuko dugu", ziurtatu du, epaiaren gainean galdetu diotenean: "Garrantzitsuena da guk aurrera egitea eta brexita urriaren 31n gauzatzea", gehitu du. "Jende askok", esan du Johnsonek, "saihestu nahi du herrialde hau Europar Batasunetik irtetea".

"Erresuma Batuak urriaren 31n alde egingo du Europar Batasunetik, gerta ala gerta", berretsi du. Haren iritziz, Bruselarekin akordio ona adostea oso garrantzitsua da; Gorenaren epaiak, baina, ez du errazten akordio hori, Johnsonen esanetan.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena