09:28

Mundua

Gobernuaren dokumentua

'Brexit' gogor batek elikagai eta botika falta eta prezioen igoera ekarriko ditu

Agentziak

Orain arte sekretupean zuen txosten bat kaleratzera behartuta egon da Johnsonen gobernua. Bost orriko dokumentu horretan, akordiorik gabeko irteera baten ondorio txarrenak jaso dituzte.

  • 'Brexit'aren kontrako protesta bat, Parlamentuan.

    'Brexit'aren kontrako protesta bat, Parlamentuan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak nahi duen akordiorik gabeko brexita gauzatuz gero, elikagai eta botika falta izango da, prezioak igo egingo dira eta argindarra garestitu egingo da. Hala aurreikusi du Erresuma Batuko Gobernuak egindako barne txosten batek.

Orain arte sekretupean izan dute dokumentua —'Mailu Horia Operazioa' izenekoa—, baina Gobernuak kaleratu behar izan du, astelehenean oposizioak Parlamentuan irabazitako bozketaren harira. 

Urriaren 31n akordiorik gabe Europar Batasuna itxi behar izatekotan, aurreikusi daitezkeen "ondorio txarrenak" deskribatzen ditu bost orrialdeko dokumentuak.

Botikarik gabe geratzea eta elikagai eskasia

Hala, Mantxako Kanalaren bitartez egindako merkantzia-trukeak % 40 egingo luke behera lehen egunetik, eta portuen artean sor daitezkeen tirabirak "sei hilabetez" luza daitezke. Egoera horrek "botiken hornidurari eragingo dio", irakur daiteke dokumentuan.

Erresuma Batura heltzen diren botika gehienak Mantxako Kanaleko portuen bitartez heltzen dira, eta hortaz, brexit gogor batek "bereziki produktu horiei" egingo diete kalte.

Elikagaiei dagokienez, jaki fresko jakin batzuen falta igarriko da, eta horien artean industriarentzat oinarrizkoak izan daitezkeen batzuk, hala nola, oinarrizko osagaiak, kimikoak eta ontziak.

Dokumentuaren arabera, falta horrek ez du hornidurarik eza ekarriko. Dena dela, onartzen du prezioetan eragina izango duela horrek guztiak.

Horrez gain, argindarraren faktura igoko dela aurreikusi du Gobernu britainiarrak.

Protestak

Akordiorik gabeko brexit batek "protestak eta kontraprotestak eragingo ditu Erresuma Batu osoan, eta horren ondorioz, baliabide polizial asko bideratu beharko ditugu".

Agente britainiarrak, manifestarien aurrean, Londresen egindako protesta batean. Argazkia: EFE

Erresuma Batuan bizi diren europarrei dagokienez, euren "eskubide guztiei eutsi egingo diete, estatu kide guztiekin akordioak itxi ez badira ere".

Europar Batasunean bizi diren herritar britainiarren egoera, ordea, bestelakoa da. "Eskubide galera eduki dezakete. Besteak beste, osasun arretan arazoak izan ditzakete, baita kontrol migratzaile gehiago pairatu ere", aitortzen dute dokumentuan.

Horrez gain, Erresuma Batura sartu edo irten nahi duten herritarrentzat ere zailtasunak iragarri ditu Johnsonen gobernuak: "Aduanetan kontrol gehiago izango dira".

Gibraltar

Gibraltarreko haitzari aparteko atala eskaintzen dio dokumentuak. Horren arabera, "mugan atzerapen luzeak egongo dira, luzaroan, gainera. Horrek ekonomiari eragingo dio".

"Espainiak muga-kontrolak ezarriko ditu, eta gorabeherak eragingo elikagai, botika eta zaborren horniduran. Langile, bizilagun eta turistek ere zailtasunak izango dituzte muga zeharkatzeko; lau ordu baino gehiagoko atzerapenak aurreikusten ditugu".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena