Mundua
Erresuma Batua
Agentziak | Erredakzioa
Neurri horren arabera, urriaren 19rako akordiorik lortu ezean, Europar Batasunetik irteteko data hiru hilabetez atzeratzeko eskatu beharko dio Johnsonek Bruselari.
Boris Johnson, Erresuma Batuko Parlamentuan. Argazkia: EFE
Komunen Ganberak Boris Johnson lehen ministro britainiar kontserbadoreari aurre egin zion atzo, eta Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzea eragozteko lege proposamen bat tramitatzea onartu zuen. Horrela, Parlamentu britainiarrak gaur eztabaidatuko du ‘brexit’aren data atzeratzea helburu duen legea.
Lehen ministro britainiarrak Komunen Ganberako gehiengoa galdu zuen atzo, eta Parlamentuak akordiorik gabeko ‘brexit’a galarazteko legea onartzen badu, hauteskunde orokorrak aurreratuko dituela ohartarazi zuen. Testuinguru horretan, lege-proposamena asteazken honetan hasiko dira eztabaidatzen, eta gaur bertan bozkatzea aurreikusi dute.
"Nik ez dut hauteskunderik nahi, baina diputatuek 'brexit'a alperrik atzeratzearen alde egiten badute, hauteskundeak deitu beste aukerarik ez dut izango", adierazi zuen atzo Johnsonek, espero baino porrot handiagoa jasan ostean (aldeko botoak 328 izan ziren; kontrakoak, berriz, 301).
Hauteskundeak deitzeko, baina, Komunen Ganberako bi herenen babesa lortzea ezinbestekoa da, eta horrek esan nahi du Gobernu britainiarrak oposizioko zati baten babesa lortu beharko lukeela. Alderdi Laborista prest dago hauteskundeetara jotzeko, betiere akordiorik gabeko 'brexit'a gauzatzea galarazteko testuak aurrera egiten badu.
Parlamentuko lehen bozketa 27 botoren aldearekin galdu zuen atzo Johnsonek, 21 diputatu kontserbadorek oposizioarekin bat egitea erabaki baitzuten. Bozketa hasi aurretik, alderdiaren diziplina errespetatu ezean talde parlamentariotik kanporatuko zituztela esanez mehatxatu zituen Johnsonek.
Ildo horretatik, gaur bozkatuko den lege-proposamena antzeko babesarekin aurrera ateratzea aurreikusita dago. Horrela, Komunen Ganberak ekimena onartzen badu, Lorden Ganberara igorriko dute testua, eta hainbat egun eman ditzake bertan tramitatzen. Neurri horren arabera, urriaren 19rako akordiorik lortu ezean, Europar Batasunetik irteteko data hiru hilabetez atzeratzeko eskatu beharko dio Johnsonek Bruselari.
Alabaina, Parlamentuak legea lehenbailehen prestatzeko prozedura azkartu behar du, irailaren 11tik urriaren 14ra Erresuma Batuko Parlamentuaren jarduna eteteko agindua eman baitu Johnsonek.
Urriaren 17an, Europar Batasuneko buruzagien goi-bilera batera joatea espero du lehen ministroak, ‘brexit’aren inguruko akordio berri bat lortzeko helburuarekin. Izan ere, egungo lehen ministroa ez dator bat Theresa May kontserbadoreak lortu zuen akordioarekin.
Johnsonek berretsi du hori dela bere helburu nagusia, baina akordio berririk lortu ezean, urriaren 31n Europar Batasunarekin elkarrizketak hautsi eta ‘brexit’a akordiorik gabe gauzatzeko prest dagoela nabarmendu du.
Hala, hauteskunde orokorrak aurreratzen baditu, urriaren 15a izango da bozkatzeko eguna, Europako Kontseilua bildu baino bi egun lehenago.
Bideoa | Parlamentuak Johnsoni kontra egin dio eta hauteskundeak gertu egon litezke:
Inkesten arabera, Johnsonek irabaziko lituzke hauteskundeak
YouGov etxeak joan den astean kaleratutako datuen arabera, kontserbadoreek irabaziko lituzkete hauteskundeak, botoen % 34 jasota. Laboristek, berriz, botoen % 22 lortuko lituzkete, eta Alderdi Liberal Demokrata (% 17) eta Brexitaren Alderdia (% 13) geratuko lirateke jarraian.
Buruzagi kontserbadorea uztailaren azken astean agintera iritsi zenetik, bere alderdiak gora egin du galdeketa guztietan; laboristek eta liberal-demokratek, berriz, aldaketarik gabe eutsi diote.
Europar Batasunetik ateratzearen inguruan zabaldu duen mezuari esker, Brexitaren Alderdiaren babesa lortu du; izan ere, alderdi hori akordiorik gabeko haustura baten aldekoa da.
Balizko hauteskunde kanpaina batean, Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadorea ‘brexit’arekin haserretzen hasiak diren herritarrak konbentzitzen saiatuko litzateke, Erresuma Batua lehenbailehen irteteko Europar Batasunetik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa