Mundua
Erresuma Batua
Agentziak | Erredakzioa
Boris Johnsonen neurri polemiko horren ondorioz, oposizioak apenas izango du denborarik akordiorik gabeko 'brexit'a saihesteko. Ganbera itxita egongo da irailaren 10etik urriaren 14a bitartean.
Albisteak (3)
Elisabet II.a erreginak asteazken honetan sinatu du Parlamentua urriaren 14ra arte desegiteko agindua, Boris Johnson lehen ministroak egindako eskaerari erantzunez. Alabaina, oposizioaren iritziz, akordiorik gabeko brexit bat ez blokeatzeko ahalegin bat da hori.
Erresuma Batuko erreginaren aholkulari kontseiluak jakinarazi duenez, Parlamentuaren jarduna "irailaren 9aren ostean eta irailaren 12a baino lehen" utzi beharko da bertan behera. Etenaldia, urriaren 14ra arte egongo da indarrean, aholkulari kontseiluak agiri batean zehaztu duenez.
Johnsonek argudiatu du erreginaren diskurtsoa egingo duela urriaren 14an, eta, egun horretan, oposizioak bere iritzia emateko aukera izango duela lehen ministroak aurkezten duen gobernu programaren inguruan.
Alabaina, erabaki horren bitartez, akordiorik gabeko brexit bat saihesteko aukerarik gabe utzi du Johnsonek oposizioa. Ildo horretatik, Europar Batasunetik akordio berri batekin edo akordiorik gabe aterako direla argi utzi du lehen ministroak.
Boris Johnsonek buru duen gobernuak Parlamentua desegiteko eskatu dio goizean Elisabet II.a erreginari. Parlamentuaren jarduna "irailaren bigarren astean" etenda geratuko da, eta "erreginaren hitzaldia" delakoa (lehen ministroak legegintzaldirako asmoak azaltzen dituenekoa) urriaren 14an egingo du Johnsonek.
Bere asmoak azaltzeko diputatuei bidalitako gutun batean dioenez, "gobernu honek anbizio handiko legegintzaldi agenda ausarta egin nahi du. Brexit-a agenda horretako gai nagusienetakoa izango da".
BBC telebista kate britainiarrak eta The Guardian egunkariak aurreratu dute albistea. Hedabide publikoaren arabera, oposizioak akordiorik gabeko brexit-a saihesteko abiatutako prozesua oztopatu nahi du lehen ministro britainiarrak neurri polemiko horrekin; izan ere, parlamentua deseginda alderdiek apenas edukiko dute denborarik izapideak aurkezteko.
Udako etenaren ostetik, irailaren 3an abiatuko da Parlamentuko jarduna, baina eskaera hori tarteko, hilaren 10ean desegingo da ganbera. Hori horrela, oposizioak astebete eskas izango du akordiorik gabeko brexit-a oztopatzeko neurriak aurkezteko.
Aurreikusitakoaren arabera, urriaren 14an aurkeztuko du Johsonek bere programa —Erreginaren hitzaldia delakoa—. Hitzaldi horretan, brexit-aren osteko Erresuma Batuaz mintzatuko da lehen ministroa.
Oposizioak irmo kritikatu du erabakia
Oposizioko taldeak haserre agertu dira erabaki horren aurrean, eta, atzo bertan, herrialdeak Europar Batasuna akordiorik gabe utzi behar izatea saihesteko bideak aztertzeko deia luzatu zioten lehen ministroari. Alabaina, urriaren 31n, brexit-a bi aldeen arteko akordiorik gabe gauzatuko dela ematen du.
Gauzak horrela, Parlamentuaren jarduna eteteko Johnsonek hartu duen erabakia “aberrazio konstituzionala” dela ziurtatu du John Bercow Komunen Ganberako buruak. Horrez gain, jokabide horrek “demokraziari mehatxu” egiten diola esan du Jeremy Corbyn buruzagi laboristak.
Testuinguru horretan, Johnsonen gobernuaren “ozarkeriaren aurrean izututa” agertu da Corbyn. Izan ere, “lehen ministro berriak subiranotasuna aipatzen badu ere, berak bultzatu nahi duen akordiorik gabeko brexit-aren inguruko eztabaida galarazteko Parlamentuaren jarduna bertan behera uzteko gai” dela leporatu dio.
Oposizioko alderdi nagusiko buruzagia Elisabet II.ari zuzendu zaio, Parlamentuko jarduera etetea “onartezina” dela azpimarratzeko, eta Erresuma Batuko demokrazia "trabatzea" leporatu dio Johnsoni.
Philip Hammond Ekonomia ministro ohiaren esanetan, "aberrazio konstituzionala izango litzateke Johnsonen gobernuari azalpenak eskatu ahal izatea herrialdea krisi batean murgilduta dagoen une honetan. Erabat antidemokratikoa da".
Bestalde, "Parlamentuak entzutea demokraziarentzat ona" dela esan du David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak, eta, arrazoi horregatik, "hobe da irekita uztea".
Johnsonen asmoak txarretsi ditu Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Horren ustez, "egun beltza" da gaurkoa.
"Parlamentariek neurria oztopatzeko zerbait egin ezean, gaurkoa Erresuma Batuko demokraziaren historian egun beltza izango da", idatzi du Twitterren duen kontuan.
Johnsoni kargu hartzeaz gain, Eskoziako kontserbadoreei zuzendu zaie, eta Ruth Davidson buruzagiari eskatu dio oposizioarekin bat egiteko akordiorik gabeko brexit-a saiheste aldera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa