12:30

Mundua

Erresuma Batua

Gobernu britainiarrak Parlamentua desegiteko eskatu dio Isabel erreginari

Agentziak | Erredakzioa

Neurri polemiko hori baliatuta, oposizioak apenas izango du denborarik akordiorik gabeko 'brexit' bat saihesteko. Eskoziako lehen ministroak erabakia gaitzetsi du jada.

  • Boris Johnson.

    Johnson, EFEren artxiboko irudi batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Boris Johnsonek buru duen gobernuak Parlamentua desegiteko eskatu dio Isabel II.a erreginari, buruzagi kontserbadoreak baieztatu berri duenez. Aurreikusitakoaren arabera, Parlamentuaren jarduna "irailaren bigarren astean" etenda geratuko da, eta "erreginaren hitzaldia" delakoa (lehen ministroak legegintzaldirako asmoak azaltzen dituenekoa) urriaren 14an egingo du Johnsonek.

Bere asmoak azaltzeko diputatuei bidalitako gutun batean dioenez, "gobernu honek anbizio handiko legegintzaldi agenda ausarta egin nahi du. Brexit-a agenda horretako gai nagusienetakoa izango da".

BBC telebista kate britainiarrak eta The Guardian egunkariak aurreratu dute albistea. Hedabide publikoaren arabera, oposizioak akordiorik gabeko brexit-a saihesteko abiatutako prozesua oztopatu nahi du lehen ministro britainiarrak neurri polemiko horrekin; izan ere, parlamentua deseginda alderdiek apenas edukiko dute denborarik izapideak aurkezteko.

Udako etenaren ostetik, irailaren 3an abiatuko da Parlamentuko jarduna, baina eskaera hori tarteko, hilaren 10ean desegingo da ganbera. Hori horrela, oposizioak astebete eskas izango du akordiorik gabeko brexit-a oztopatzeko neurriak aurkezteko.

Aurreikusitakoaren arabera, urriaren 14an aurkeztuko du Johsonek bere programa —Erreginaren hitzaldia delakoa—. Hitzaldi horretan, brexit-aren osteko Erresuma Batuaz mintzatuko da lehen ministroa.

Sturgeon: "Gaurkoa egun beltza da"

Johnsonen asmoak txarretsi ditu Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Horren ustez, "egun beltza" da gaurkoa.

"Parlamentariek neurria oztopatzeko zerbait egin ezean, gaurkoa Erresuma Batuko demokraziaren historian egun beltza izango da", idatzi du Twitterren duen kontuan.


Johnsoni kargu hartzeaz gain, Eskoziako kontserbadoreei zuzendu zaie, eta Ruth Davidson buruzagiari eskatu dio oposizioarekin bat egiteko akordiorik gabeko brexit-a saiheste aldera.




Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena