Mundua
G7 goi-bilera
EFE
Ukrainiako gatazka konpondu bitartean Errusia G8 zaharrera bueltatuko ez bada ere, Macronek argi utzi du Putin estatuburuen arteko elkarrizketan nahi duela.
Vladimir Putin eta Emmanuel Macron. Argazkia: EFE
G7 goi-bileraren atarian, bilera egin dute Emmanuel Macron eta Vladimir Putinek. Errusia herrialde handien talde horretatik kanpo geratu zen 2014an.
Batzarra, Macronen udako etxean egin dute, ingurune lasai batean, elkarrizketa errazteko asmoz. Putin helikopteroan iritsi da eta bilera 17:00etan hasi dute. Adierazpen bateratua egin dute, Ukrainia, Siria, Libia edo Irango itun nuklearra bezalako gaiei aipu eginez.
Bere hitzartzean, Macronek argi adierazi du Errusiarekin harremanak eustearen aldekoa dela. "Errusia Europa da. Lisboatik Vladivostokeraino doan Europan sinesten dugu. Segurtasuna eta konfiantza berreraiki behar ditugu Europar Batasuna eta Errusiaren artean, eta Frantziak horretan badu zeregina", azpimarratu du.
Arazo guztiak bilera bakarrean konpontzea ezinezkoa dela aitortu du Macronek, baina horrelako topaketak konfiantza giroa sortzeko ezinbestekoa direla erantsi du.
Korapiloetako bat Ukrainan daukate, eta Vladimir Zelenski herrialde horretako presidente aukeratu izana positibotzat jo dute bi agintariek.
Halaber, biek babestu dute Irango itun nuklearra. Ameriketako Estatu Batuak akordiotik atera dira, baina Macronek uste du Putin gai izango dela ituna betetzen jarraitzeko Iran konbentzitzeko.
Siriako gatazkari dagokionez, berriz, Frantziak eta Errusiak desadostasunak dauzkate. Siriak eraso militarrekin segitzen du, terrorismoaren mehatxua aitzakiatzat erabiliz, eta Putinen babesa dauka. Alabaina, Macronek ezinbestekotzat jotzen du su-etena errespetatzea.
Bi herrialdeetan oposizioak nahiz gizarte mugimenduek abiarazitako protestak ere izan dituzte hizpide, eta arlo horretan ere desadostasunak agerian geratu dira: Putinek oposizioko kideak atxilotzea defendatu du eta Macroni txaleko horiekin duen gatazka ekarri dio gogora.
Horrez gain, Libian egonkortasuna mantentzeko eta aldaketa klimatikoaren aurka Parisen egindako akordioa betetzeko asmoa berretsi dute bi aldeek.
Ukrainiako gatazka konpondu bitartean Errusia G8 zaharrera bueltatuko ez bada ere, gaurko bilerak balio sinboliko handia izan du, Alemania, Erresuma Batua, Italia, AEB, Kanada eta Japonia hartu aurretik bildu delako Macron Putinekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa