19:16

Mundua

Migrazioa

Haurdun dauden bi emakume Open Arms itsasontzitik ebakuatu dituzte

Agentzak | Erredakzioa

Ontzian 121 migratzaile geratzen dira, eta guztiak "osasun egoera onean edo nahiko onean" daude. Alabaina, premiazkoa da portu seguru batean lehorreratzeko baimena izatea.

  • Haurdun dauden bi emakume Open Arms itsasontzitik ebakuatu dituzte. Argazkia: @campsoscar

    Haurdun dauden bi emakume Open Arms itsasontzitik ebakuatu dituzte. Argazkia: @campsoscar

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Haurdunaldiaren amaieran dauden bi emakume Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) erreskate-ontzitik atera dituzte gaur goizaldean. Mediterraneoan erreskatatu zituzten biak, beste 121 migratzailerekin batera. Bitartean, porturatzeko leku seguru baten bila jarraitzen du Open Armseko tripulazioak.

Hala jakinarazi du larunbat honetan Oscar Camps Open Armseko sortzaileak: "Ebakuazioa eginda. Italiako kostazainek duela bi ordu atera dituzte itsasontzitik haurdun dauden bi emakumeak (bata 9 hilabeteko haurdunaldian eta bestea 8 hilabete eta erdikoan)“.

Ontzia nazioarteko uretan dago, Italiako hegoaldeko Lampedusa uhartearen aurrean, portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain. Italiak eta Maltak ez dituzte haien portuetan GKEen laguntza ontziak onartzen.

Gauerdian, Italiako kostazainen ontzi bat Proactiva Open Arms erreskate-ontzira hurbildu da, GKEk berak deituta, eta haurdun zeuden bi emakumeak ohatilan eraman dituzte.

Haurdun dauden bi emakumetako batek 32 urte ditu, haurdunaldiaren bederatzigarren hilabetean dago, “abdomeneko hernia handi batekin”. Itsasontzian bolondresek egindako ekografietan ikusi zutenez, umea “posizio txarrean” dago. Anabel Montes misioko buruak azaldu duenez, horrek arrisku handia ekarriko luke itsasontzian erditzen hasiko balitz.

Beste emakumeak 22 urte ditu, 8 hilabete eta erdiko haurdunaldian dago, eta bere umea ere “posizio txarrean” dago. Emakumeak "torturak eta indarkeria fisikoa eta sexuala" jasan zituen Libian, eta, gainera, haren senarra hil zuten. Arrazoi horregatik, bere arreba berarekin batera lehorreratu dute eta ospitalera eraman dute.

Montesek Twitterren azaldu duenez, ontzian 121 migratzaile geratzen dira, eta guztiak "osasun egoera onean edo nahiko onean" daude, baina herrialde seguru batean porturatzeko baimena lehenbailehen izatea premiazkoa dela azpimarratu du: "Denbora igaro ahala egoera okertu egiten da, eta beharrezkoa da berehala portu seguru batean lehorreratu ahal izatea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena