Mundua
Eskandalua
Puerto Ricoko gobernadoreak dimisioa eman du, protesta gogorren erdian
Agentziak
Politikari, kazetari, artista, LGTBIQ mugimendua eta Maria urakanaren biktimen kontra epelak esaten zituen txat baten edukia filtratu eta dozena bat egunera etorri da dimisioa.
-
Rossello, uztailaren 16an egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Ricardo Rossello Puerto Ricoko gobernadoreak dimisioa eman du bart, kaleko presioaren aurrean amore emanda. Izan ere, manifestazio eta protesta jendetsuak egon dira uhartean kargua uzteko eskatuz. Eskandalua uztailaren 13an lehertu zen; egun hartan, Rossellok eta bere aholkulari batzuk partekatutako Telegrameko txat bateko edukia (ia 900 orrialde) filtratu zen. Elkarrizketotan irakur zitekeenez, Rossellok irain eta isekak egiten zituen politikari, kazetari, artista, LGTBIQ mugimendua eta Maria urakanaren biktimen kontra.
Protestak gorabehera, 2021era arte karguan eutsiko ziola esan du hainbatetan gobernadoreak, baina bart dimisioa emango duela iragarri du azkenean, ABC telebista kateak zehaztu duenez. Dimisioa abuztuaren 2an gauzatuko da, eta Wanda Vazquez orain arte Justizia idazkaria izan denak hartuko du bere lekua.
Azken agerraldi publikoa uztailaren 16an egin zuen Rossellok, eta karguan jarraituko zuela berretsi zuen. Bi urte eta erdi zeramatzan boterean. Agintaldi erdian dimisioa aurkeztu duen uharteko lehen gobernadorea da.
Gazte ugari, Rosselloren kontrako protestetan. Argazkia: EFE
Krisi politikoaz gain, egoera ekonomiko larria du Puerto Ricok: kiebra egoeran dago, 120.000 milioi dolarreko zorra ordaindu ezinda.