Mundua
50. URTEURRENA
EITB.EUS
50 urte igaro dira Neil Amstrong eta Edwin Aldrin astronautek Ilargia lehen aldiz zapaldu zutenetik.
Apolo 11 Ilargian. EITB bideo batetik ateratako irudia
Uztailaren 20an, larunbata, 50 urte bete dira bi gizonek lehen aldiz Ilargia zapaldu zutenetik 30 kiloko ordenagailu batek gidatutako kapsula batean.
Zortzi urte lehenago, John F. Kennedy Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hamarkada bukatu aurretik AEBko misio bat Ilargira iritsiko zela iragarri zuen. 1969an NASAren Apolo 11 misioko komandanteak, Neil Amstrong astronautak, satelitea zapaldu eta historiako esaldi famatuenetako bat esan zuen: "Urrats txiki bat gizonarentzat, jausi handi bat gizateriarentzat".
1958ko abuztutik 1969ko uztailera bitartean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak (SESB) eta Ameriketako Estatu Batuek hainbat misio gauzatu zituzten. Guztira, 73 misio zuzendu zituzten, baina haietako 41ek kale egin zuten.
Apolo 11 izan zen lorpen gogoangarri hura ekarri zuen misioa. 30.000 milioi dolar erabili zituzten horretan, eta 2,5 MHz-ko ordenagailu baten laguntza izan zuten.
Gaur egun mugikor baten edo kalkulagailu baten teknologiarekin lortuko zena egiteko, 30 kiloko ordenagailu bat eta bi kamera erabili zituzten: horietako bat, filma zuena, Aldrinek jarri zuen Eagle ilargi-moduluko leiho batean, irudiak koloretan grabatzeko. Lurrera zuzenean igorritako irudiak, berriz, zuri-beltzezko telebista-kamera batekin grabatu zituzten.
Astronautek neurrira egindako uniforme bereziak jantzi behar izan zituzten Ilargira jaitsi aurretik, bertako muturreko tenperaturatik babesteko: egunez 120 gradu eta gauez zeropetik 150 gradu harrapatu ahal dira bertan.
Apolo 11, Ilargian. Irudia: EiTB.
AEBk Ilargira iristeko "lasterketa" irabazi zion Sobietar Batasunari, baina eztabaida handia izan zen misio horren inguruan, ez baitzegoen batere argi onurak ekarriko zituen edo gastu izugarria eragin besterik ez zuen egingo.
500.000 soldadu estatubatuar Vietnamgo gerran harrapaturik zeuden bitartean, gizakia beste mundu eta planeta batzuetara bidaiatzeko aukerarekin ametsetan hasi zen.
Orain, 50 urte geroago, Ilargira emakume bat eramango duela iragarri du NASAk, eta Artemisa (Apoloren arreba) izena jarri dio programa horri.
AEB ez da bakarra
Ilargiaren lurrazala zapaldu zuten lehenak Neil Amstrong eta Edwin Aldrin izan arren, estatubatuarrak ez ziren Ilargia helburu zuten bakarrak. Errusiak, Japoniak, Txinak, Europar Batasunak, Indiak eta Israelek ere egin zituzten misioak Ilargira.
Gainera, Apolo 11 misioaren ostean, beste bost etorri ziren. Baina baliabideak murriztu eta beste planeta batzuetara (Martera, esaterako) tripulaziorik gabeko misioak bidaltzea prestatzen hasi ziren.
Guztira, hamabi astronautak zapaldu dute Ilargia (NASAkoak dira guztiak), eta sei geratu dira horren inguruan orbitatzen.
2024an, Ilargira berriro
Etxe Zurira iritsitakoan, Donald Trump presidenteak Martera iristeko zituzten planak aldatu zituen, eta planeta gorrira joan aurretik Ilargira itzultzeko agindu zuen. Ordutik, egutegia aldatuz joan dira. Gateway izeneko nazioarteko espazio-estazioa eraikitzea aurreikusi zuten hasieran, eta NASAko lehen astronautak 2024a baino lehen bidali nahi zituzten bertara.
Lau urte geroago ilargiratzeko asmoa zuten, 2028an. Programa berriari Artemisa izena jarri diote, greziar mitologian Ilargiaren jainkosa eta Apoloren arreba baita. Gainera, Ilargira joango den bi astronautetako bat emakumezkoa izango dela esan zuten.
Apolo 11 misioaren ilargi-modulua. Irudia: EFE.
Trumpek 26.600 milioi dolar eskatu dizkio Kongresuari misioa bultzatu eta NASAren "handitasuna berreskuratzeko".
NASAk Ilargira itzultzeko duen planaren arabera, Orion espazio-ontzia eta Space Launch System (SLS) suziria estreinatu, eta Houstongo (Texas) eta Floridako Cañaveral lurmuturreko instalazioak baliatuko dituzte.
Azken bidaia Ilargira
Apolo programako azken misioa (Apolo 17) 1972an egin zuten, eta Eugene A. Ceman, Harrison H. Schmitt eta Donald E. Evans astronautek osatu zuten eskifaia.
Misio horretan, Ilargiko lurreratzerik luzeena egin zen, eta zientzialari bat eraman zuen lehen misioa izan zen.
Suziria bidali zutenean, jendeak ez zuen espazioa esploratzeko interes handirik, eta AEBko Gobernua Vietnamgo gerra beste era batera ikusten hasi zen. Faktore horrek eta beste hainbatek eraman zuten azkenera programa hori.
Espazio-ontzia 1972ko abenduaren 11n lurreratu zen Ilargian.
Bertan egindako 26 neurketek lurreratzeko hautatu zuten tokiaren eta horren inguruaren egitura geologikoaren datu zientifikoak eman zituzten.
Cernan, Evans eta Schmitt abenduaren 19an itzuli ziren Lurrera, hamabi egun geroago.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa