10:31

Mundua

EUROPAKO PARLAMENTUA

2050ean Europa klima gaietan neutroa izateko konpromisoa hartu du Von der Leyenek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Europako Parlamentuan arratsaldean egingo da bozketa. Ursula Von der Leyen hautagai kontserbadore alemaniarrak Parlamentuaren gehiengo osoa behar du Europako Batzordeko presidente izateko.

  • Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentegaia, Europako Parlamentuaren aurreko hitzaldian

    Von der Leyen Europako Batzordeko presidentegaia, Europako Parlamentuaren aurreko hitzaldian. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidente izateko hautagai kontserbadore alemaniarrak konpromisoa hartu du 2050ean Europa klima gaietan lurralde neutroa izan dadin.

"2050ean, Europa klima gaietan lehen kontinente neutroa izatea nahi dut", esan du Europako Parlamentuko osoko bilkuraren aurrean egin duen hitzaldian. Lurralde bat neutroa dela esan ohi da, hain zuzen ere, atmosfera xurgatzeko gai den substantzia toxiko kopurua baino gehiago igortzen ez duenean.

"2030erako emisioak % 40 murrizteko gure helburua ez da nahikoa. Harago joan behar dugu, anbizioa izan behar dugu. CO2 emisioak % 50 edo % 55 murriztu behar ditugu 2030erako", azaldu du.

"Europarako politika berde berri bat proposatuko dute nire agintaldiko lehen 100 egunetan. Klimarako lehen Europako legea proposatuko dut 2050erako helburuak lege zehatzetan gauzatzeko", iragarri du. Haren esanetan, "eskala handiko" inbertsioak egin beharko dira horretarako, eta funts publikoekin ez da nahikoa izango.

Bestalde, Europar Batasunak aurretik dituen erronkak aipatu ditu: populazioaren zahartzea, krisi klimatikoa eta digitalizazioa.

Migrazioaren gaiari dagokionez, itsasoan jendea salbatzea "betebeharra" da.

Arratsaldean Europako Parlamentuan egingo den bozketan, Ursula Von der Leyen hautagai kontserbadoreak Parlamentuaren gehiengo osoa behar du (374 boto) azaroaren 1etik aurrera Europako Batzordeko presidente bihurtzeko. Bozketa 18:00etan egingo da, eta eurodiputatuen botoa sekretua da.

Gaur-gaurkoz, Europako Alderdi Popularraren botoa baino ez du ziurtatuta. Ikusteke dago sozialistek eta liberalek zer egiten duten. Berdeek, Ezker Bateratuak eta ultraeskuineko alderdiak bere baitan hartzen dituen Identitatea eta Demokrazia (ID) taldeak kontra bozkatuko du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena