17:02

Mundua

Operazio militarra Pakistanen

Horrela egin dute Bin Ladenen aurkako operazioa

Erredakzioa

AEBko soldaduak helikopteroz joan dira Pakistanera, tiroz hil dute Bin Laden (berarekin beste lau lagun ere hil dituzte), eta hilotza hartuta berriro helikopteroz alde egin dute; guztia 40 minututan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ameriketako Estatu Batuen arerio nagusia, Osama Bin Laden, igande honetan hil dute Islamabad inguruan "helburu zehatza zuen" operazioa batean.

Barack Obamak bart gauean Bin Laden hil dutela iragarri ostean pisu handiko funtzionarioek esan dutenez, AEBetako inteligentzia zerbitzuek "aspalditik" zekiten Al Kaidako liderrak konfiantza berezia zuela bere mezulari batengan eta beraz, berarekin bizi zela uste zuten.

Azaroan, agenteek jakin zuten mezularia Abbottabaden, milioi bat dolarretan baloratutako bizitegi-gunean bizi zela; Islamabad kanpoaldean dagoen luxuzko gune batean, hain zuzen ere.

Bizitegi-guneak bi segurtasun ate eta hiru metroko altuera duten hiru horma zituen; "balore handiko helburu bat barnean izateko bereziki eraikitako etxea zen", esan dute Etxe Zuriko iturriek eta gaineratu dutenez, CIA eraikin horretan gero eta gehiago zentratu, are eta posibleago ikusten zuten Bin Laden bera bertan egotea.

Apirilaren amaierarako argi zeukaten Bin Laden eta bere familia zirela etxe horretan bizi zirenak. Beraz, aipatutako iturriek esan dutenez, apirileko azken hamabostaldian buruzagi terroristak bizitegi-gunea ez zuela utzi konturatu ziren.

Obamak iragan ostiralean, apirilaren 29an, eraso egiteko agindua eman zuen. AEBek ez zituzten inteligentzia taldeek Bin Ladenen egonlekuaren gainean emandako datuak beste herrialdeekin konpartitu, ezta Pakistanekin ere, segurtasun neurriak tarteko.

"Hori beharrezkoa zen sekretua eta operazioaren segurtasuna mantentzeko", azaldu dute iturriek, eta gineratu dute Estatu Batuetako gobernuak "ondoren baina berehala" eman ziela Pakistango agintariei eta aliatu estatubatuarrei operazioaren emaitzen berri.

Gaur beraz, iturri horien arabera, "estatubatuarren talde txiki bat" munduko terroristarik bilatuena zegoen bizitoki-gunean sartu da. Operazioak berrogei minutu eskas iraun omen du. Estatubatuarrak bertara helikopteroz iritsi eta ez omen dute inolako segurtasun indarrik aurkitu gaineratu dute.

Bizileku-gunera sartu direnean tiroketa bat izan da, eta ondorioz, Bin Laden, bere seme nagusia, beste bi gizon eta emakume bat hil dira; beste bi zaurituta gelditu dira.

Behin operazioa amaituta, gunea berriro ere helikopteroz utzi dute estatubatuarrek. "Helburu oso argia izan duen operazioa izan da; talde txiki batek hartu du parte bertan zeuden zibilei egindako mina ahalik eta txikiena izan zedin", esan dute Etxe Zuritik.

Soldadu taldeak Bin Ladenen gorpua eraman du eta herrialde horren zaintzapean geratu da. Funtzionario taldeak esan duenez, terroristaren hilotzari ohitura islamiarren araberako tratua eman diote.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena