Mundua
Errusiaren esku hartzea
Agentziak
Errusiak AEBko 2016ko hauteskundeetan esku hartu ote zuten eta Trumpek horretan lagundu ote zuen argitzeko ikerketa amaitu du fiskalak. Orain, Kongresuari dagokio 'impeachment'a abiatzen duen ebaztea.
Robert Mueller fiskala, agerraldian. Argazkia: EFE
Robert Mueller AEBko fiskal bereziak amaitu egin du bere txostena, eta ondorio nagusiak azaltzeko agerraldia egin du bart. Hilabeteotan ikerketa egin du Errusiak 2016ko hauteskundeetan esku hartu ote zuen eta Trumpek horretan lagundu ote zuen argitzeko. Ondorioztatu duenez, ezin daiteke esan AEBko presidenteak delituren bat egin ez zuenik, baina presidentea auzipetu ezin duela nabarmendu du.
"Karguan den artean presidentea ezin dugu delitu federal bategatik auzipetu. Konstituzioaren kontrakoa da hori. Auzipetzea ez zen aukera bat", argitu du.
Dena dela, honakoa ere erantsi du: "Presidenteak deliturik egin ez zuela baieztatzerik izan bagenu, txostenean jasoko genuke".
Muellerek agiria irakurri du, kazetarien galderak onartu gabe. Txostena apirilean ezagutarazi zuen, baina bart azaldu da komunikabideen aurrean.
Fiskalaren hitzetan, "ez dut presidenteari buruzko balorazio eta ondoriorik egingo".
Robert Muellerrek ez du kazetarien galderarik erantzun agerraldian. Argazkia: EFE
Errusiaren esku-hartzea
Azaldu duenez, "Errusiako Inteligentzia ofizialek eraso antolatu eta adostua egin zuten AEBko sistema politikoaren kontra" eta teknika informatiko "sofistikatuak" erabili zituzten Hillary Clinton hautagai demokrataren kanpainako sare eta ordenagailuak hackeatzeko.
Muellerrek ondorioztatu ahal izan duenez, Errusiako agenteek "informazio pribatua lapurtu eta sarean jarri zuten nortasun faltsuak erabilita eta Wikileaks erakundearen bitartez. Argitalpenek helburu argia zuten: hauteskundeetan eragin eta hautagaitza horri kalte egitea".
Fiskal bereziak esan du esku hartzea egon bazela, eta ikertu behar dela, baina onartu du ez dagoela "froga nahikorik konspirazio zabalago bat egon zela esateko".
Muellerren agerraldia amaitu eta berehala, txioa bota du Trumpek, pozarren. Haren ustez, auzia "itxita" dago. "Ez dago aldaketarik Mueller txostenean. Ez zegoen froga nahikorik, eta halakoetan, gure herrian, pertsona bat errugabea da".
Nothing changes from the Mueller Report. There was insufficient evidence and therefore, in our Country, a person is innocent. The case is closed! Thank you.
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 29 de mayo de 2019
Auzia, Kongresuaren esku
Muellerren txostena mahai gainean, AEBko Kongresuari dagokio orain Trumpen kontrako epaiketa politikoa ('impeachment'a delakoa) abiatzen duen ala ez. Demokratak zatituta daude, prozesuak AEBko 2020ko hauteskundeetan eragin dezakeen beldur.
Elizabeth Warren eta Kamala Harris senatari edota Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokrata 'impeachment'aren aldekoak dira; beste batzuk kontra daude, Trump hauspotu dezakeelakoan.
Kongresuan gehiengoa dute demokratek, eta prozesua abiatuz gero onartu egingo litzateke. Senatuan, ordea, errepublikanoak dira nagusi, eta porrot egingo luke.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa