11:02

Mundua

Venezuela

Leopoldo Lopezek ez du militarren esku-hartzea baztertzen Venezuelan

Agentziak | Erredakzioa

Oposizioko agintariaren esanetan, Konstituzioak jasotako egoera bat ere ez dute baztertzen.

3:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nicolas Maduroren Gobernuaren oposizioak militarren parte-hartzea ez dutela baztertzen esan du, hori baita Venezuelako Konstituzioak jasotzen duen egoeratako bat, Leopoldo Lopez Voluntad Popular alderdiko buruak EFE albiste agentziari azaldu dionez.

"Ez dugu Konstituzioan jasota dagoen egoera bat ere baztertzen eta Konstituzioak egoera hori jasotzen du. Espero dut une horretara arte heldu behar ez izatea, baina ez dugu baztertzen, konstituzionala delako, eta askatasuna beste guztirako baldintza delako", esan du Lopezek.

Oposizioko buruaren arabera, "askatasuna lortu arte" ez dira herriaren arazoak konponduko. Lopez etxean bete beharreko atzipenaldian zegoen apirilaren 30ean militar matxinoek askatu zuten arte.

"Venezuelarrek amaituko dugu usurpazioarekin. Nazioarte mailan jasotako babesa eskertu eta aitortu behar dugu. 58 herrik onartu dute Juan Guaido presidente gisa. Bigarren mundu gerratik koalizio batek ere ez du nazioartean horrenbeste babes jaso", adierazi du.

"Askatasuna lortzeko konstituzioaren bide legalak erabiltzeko oztoporik ez dago; askatasuna Venezuelan heriotzen bidez zenbatzen baita, ez baitago desnutrizio, ospitaletan edo segurtasun gabeziagatik hildakorik ez dagoen egunik", gaineratu du.

Militarren artean oposizioak jasotako babesaren harira, indar armatuen zati handi bat oposizioaren alde dagoela azpimarratu du Lopezek.

Nazioartearen esku-hartze militarra baztertu ez arren, "prozesu baketsua izan behar duela, indarkeriarik gabekoa, baina herriaren eta militarren indarrarekin behar duela" esan du.

"Maduro ezin da inorekin fidatu, kafea ematen diotenetan ere. Berak jakin badaki hurbilekoek ere nahi dutela berak boterea uztea; haren hurbilekoak gurekin elkarrizketetan ari direla badaki, eta egoera kontrolpean duela itxura egin behar duela ere badaki", gaineratu du Lopezek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena