Mundua
Venezuela
Agentziak | Erredakzioa
Leopoldo Lopezek ukatu egin du apirilaren 30ekoa estatu kolpea izan zela eta matxinada militar gehiago izango direla ziurtatu du. Bestalde, Espainiako Gobernuak esan du ez duela Lopez entregatuko.
Leopoldo Lopez oposizioko buruzagia Espainiako enbaxadan. Argazkia: EFE
Albisteak (4)
Leopoldo Lopez oposizioko buruzagia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak. Militar matxinoek apirilaren 30ean askatu zuten Lopez, eta Espainiako Gobernuak Caracas hiriburuan duen enbaxadan dago orain, bere familiarekin, "apopilo" gisa.
"Etxeko espetxeratzea kenduko diote, neurria larri urratzeagatik, baita adierazpen politikoak bertako eta nazioarteko komunikabideetan egiteagatik ere, atxiloketa baldintzak urratu dituelako", azaldu du Auzitegiak agiri batean.
Horrela, Gorenak "Leopoldo Lopez herritarra atxilotzeko agindua" eman dio Inteligentzia Zerbitzu Nazionalari (SEBIN), "13 urteko espetxe-zigorra betetzen jarraitzeko". Lopezek bost urte, bi hilabete eta 12 eguneko zigorra bete du dagoeneko, agirian gogorarazi dutenez.
"Leopoldo Lopezek etxeko espetxeratze neurria urratu duela publikoa, bistakoa eta mediatikoa da; izan ere, komunikabide masiboetan agertu da eta adierazpenak egin ditu", Gorenaren arabera.
Lopez Juan Guaido Venezuelako "behin-behineko presidentearekin" eta militar matxinoekin egon zen asteartean. Nicolas Maduro presidentearen Gobernuak estatu kolpe saiakera bat izan zela salatu du.
Ordu batzuen buruan argi geratu zen kolpeak ez zuela gobernu aldaketa ekarriko, eta Lopez Txileko enbaxadan babestu zen lehenengo, eta Espainiako kontsulatuan, ondoren.
Espainiak herritartasuna eman die Lopezen gurasoei eta senitarteko batzuei. Era berean, oposizioko beste buruzagi batzuk hartu ditu; Antonio Ledezma Caracasko alkate ohia eta Lorent Saleh ekintzailea, esaterako. Ledezmak Venezuelatik ihes egin zuen, eta Saleh askatu egin zuten.
Leopoldo Lopezek matxinada militar gehiago izango direla esan du
Bestalde, Leopoldo Lopezek agerraldi publikoa egin du arratsaldean, Jesus Silva Espainiako enbaxadorearen etxearen atarian, eta altxamendu militar gehiago izango direla azpimarratu du.
"Mugimendu militar gehiago izango dira, noski baietz", adierazi du kazetariek astearteko matxinada saiakerari buruz galdetu diotenean.
Hori bai, apirilaren 30eko matxinada militarra estatu kolpea izan zela ukatu du. Aitzitik, Venezuelan trantsizioko gobernu bat eratzeko prozesuaren lehen urratsa izan zela esan du.
"Asteartean gertatu zen prozesu baten lehen pausoa izan zen, ez prozesuaren amaiera", esan die kazetariei.
Estatu kolpea izan zela ukatuta, ondokoa esan du Konstituzioaren 333. artikuluari aipu eginez: "Venezuelarrek, uniformea izan edo ez, ordena konstituzionala berrezartzeko betebeharra dute; apirilaren 30ean zirrikitua egin genuen, eta zirrikitua arrakala bilakatuko da".
"Armada funtsezkoa da gure borrokan", adierazi du. Ildo horretan, etxean giltzapetuta egon den urteetan Armadako "komandanteekin, jeneralekin eta polizia erakundeetako ofizialekin" hitz egin zuela eta denek Juan Guaido babesten dutela ziurtatu du.
Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskerrak eman dizkio babesa eskaintzeagatik. "Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Espainiako herritarrei eskertu egin nahi diet Venezuelarekiko erakutsi duten elkartasuna", erantsi du.
Espainiak ez du Leopoldo Lopez entregatuko
Bestalde, Espainiako Gobernuak oharra kaleratu du Leopoldo Lopez entregatzeko asmorik ez dutela jakinarazteko, Venezuelako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindua eman badu ere.
Halaber, Leopoldo Lopez eta Lilian Tintori emaztea Espainiako enbaxadara "beren borondatez" joan direla azpimarratu du Sanchezen gobernuak.
Auzitegi Gorenak Lopez bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman izana "espero zitekeen mugimendu judiziala da", erantsi dute oharrean.
Dena den, Venezuelako agintariek "Espainiako enbaxadorearen etxearen bortxaezintasuna" errespetatzea espero duela adierazi du Espainiako Gobernuak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa